Gau beltza animazio handiarekin ospatu dute Anizen

Erabiltzailearen aurpegia Maitane Maritorena 2019ko aza. 1a, 09:57

Mozorroak eta mamuak karriketan barrena, istorio beldurgarrien kontakizunak, hainbat etxetara haurren ustekabeko bisitak, xingarra kerrenean… atzenduko ez duten gaua haur eta helduentzat

 

Urriaren 31ko gaua ospakizun handia izan bada ere, aitzineko astetik aritu dira Anizko haur eta gurasoak egun horren prestaketan: kalabazak hustu, buztinarekin eskulanetan kalabazak egin, gau beltzaren jatorria ezagutu... hori guztia urriaren 31n gau beltza ospatzeko. Arratsaldeko 6etan egin dute hitzordua haur eta gurasoek, aitzinetik hustutako kalabazak herrian barna paratu eta kandela bana sartu dute hustutako kalabazen barnean.  Burua maindire batekin tapaturik, eta aurpegia margoturik herrian barna goiti eta beheiti ibili dira beldurra sorraraziz eta beldurra sufrituz, gutien espero zen txokoetatik agertu baitira mozorroak, mamuak eta soinuak.

Herrian goiti eta beheiti ibiltzeaz gain, herriko zenbait etxetan izan dira haurrak, baina eskean aritu beharrean (urtetxak, Orakunde, Olentzero.... egin ohi den bezala) gaur haurrak beraiek izan dira erregalua egin dutenak: beraiek buztinez egindako kalabazak erregalatu dituzte haurrik ez diren etxeetan, ustekabe polita hartu dute zenbaitzuk.

Etxez etxe ibili ondotik su bazterretarat hurbildu dira denak. Su bazterrean xingarra kerrenean erre ondotik, istorio beldurgarri bat aditzeko aukera izan dute bertaratu direnek. Anizko pertsonetan oinarritutako istorio eder bezain beldurgarria kontatu du Xabier Zabaletak. Istorioa su bazterrean kontatu badu ere, ez da hor akitu, istorioko hildakoa eta hitzailea nor ziren jakiteko, ginkana egin behar izan baitute herri guztian barna: bi taldetan bereizi dira, talde batek istorioko pertsonaiaren hiltzailea nor zen aurkitu behar zuen herrian barna hedatuak zeuden arrastoei jarraikitz, eta bertze taldeak berriz, istorioko hildakoa nor zen. Harat-honat ibili dira haur eta helduak pistei jarraituz hiltzailea eta hildakoa aurkitu artio. 

Ginkanaren ondotik herritar baten desagerketaren berri izan dute. Ordura artio gezurrezko istorioa zena, istorio beldurgarri bihurtu da, eta irriak negar. Bat baino gehiago izanen da gaur lorik eginen ez duena.

Erlazionatuak

Gau beltz berezia Anizen

Xorroxin irratia 2019 urr 31 Baztan   Aniz

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun