Gau beltzaren ohitura berreskuratuko dute urriaren 31n Anizen

Ttipi-Ttapa 2019ko urr. 29a, 07:30

Anizen ez ezik, Euskal Herriko hainbat lekutan ospatu zen gau beltza joan den mendeko erdialdera arte.

Kalabazak ireki, aurpegiaren forma eman eta herrian barna paratu ondotik, lehengo kontuak adituko dituzte

Ortzegunean, urriaren 31n, gau beltzaren ohitura berreskuratzekoa dute Anizen. Izan ere, herriko adineko jendearekin solastatu eta garai batean urriaren 31n eta azaroko egun beltzetan egiten zutenaren berri eman diete gazteei.

1950eko edo 60ko hamarkada artio iraun zuen ohitura

Kalabazarik onenak hartu (bertzeak  zerriendako izaten baitziren) gaineko puska ireki, eta boneta gisa paratzen zuten. Begien eta ahoaren forma emanik, barnean kandela sartzen zuten. Kontuan hartuz garai horietan ez zegoela farolarik, argitasun polita ematen zuen iluntasunean. Ohitura honek 50eko edo 60ko hamarkada artio iraun zuen Anizen.

 

Bertako ohiturei eustea helburu

Ikusirik gurea ez den Hallowen bestak bertan errotzeko arriskua baduela, atzerriko ohiturak errotu beharrean bertakoak berreskuratzea pentsatu dute Anizen.

Horretarako, ortzegunean, urriaren 31n, ilunabar aldera haur eta gurasoak bilduko dira.18:00 aldera eginen dute hitzordua. Lehen egiten zen bezala, kalabazak ireki aurpegiaren forma eman eta herrian barna paratuko dituzte.

 

Lehengo kontuez solastatzeko tartea

Ondotik, zenbait etxetarat joanen dira, adineko jendearekin egonen dira lehengo kontuak aditzen eta bizipen horiek ezagutzen. Eguna akitzeko, su bazterrean istorioak kontari arituko dira gurasoak, kerrenean xingarra erretzen duten bitartean.

Gaueko pertsonaia mitologikoa kontuan hartuz, Eguna egunekoendako eta gaua gauekoendako izena paratuko diote aniztarrek berreskuratu duten ohitura honi.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun