Almandozko Pakita Otxotorenak 101 urte beteko ditu irailaren 21ean

Ttipi-Ttapa 2019ko ira. 20a, 12:00
Joan den urtean bezala, aurten ere Almandozko abesbatzak kantatuko dio Pakita Otxotorenari.

Herriko abesbatzak kantatuko dio larunbat goizean, eta luntxa eta oroigarriak ere izanen dituzte

1918ko irailaren 21ean sortu zen Almandozko Pakita Otxotorena Borges, Belateko bidean dagoen Kamineroen kasetan. Ehun eta bat urte beranduago Almandozen segitzen du eta urtebetetze besta bere hiru semerekin, sei bilobekin eta lau birbilobekin eginen du larunbatean.

Joan den urteko ospakizunaren ildotik, larunbat goizean kantatu eginen dio Almandozko abesbatzak, luntxa hartuko dute eta oroigarriak ere emanen dizkiote Pakitari eta bazkari batean bilduko da senideekin.

Kamineroen kasetatik Eskaseneara aldatu zen bere familia, ttikia zenean. Gaur egun bi etxeak desagertuak daude. Perotxeneko Juan Oskoz Iñarrearekin ezkondu zen 1950ean eta arestian aipatutako hiru semeak izan zituen. Gaur egun, Almandozen, Elizondon eta Oiartzunen bizi dira, baina ez dute hutsik eginen irailaren 21eko ospakizunean Oraindik indartsu eta osasuntsu dabil Pakita, aunitz urtez!

Joan den urtean ere, mendeurreneko besta berezia izan zen: herriko abeslariek kantu bat eskaini zioten eta herriaren izenean, Luis Roldan alkateak oroigarria eman zion, baita lore-xorta eta Pakitak hainbertze maite duen partxis joko bat ere. «Egunero partida bat jokatzen dut suhiarekin», aipatu zuen. Kartetan aritzea ere gogoko du.

Erlazionatuak

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun