Pirinioetako behi-aziendaren lehiaketa irailaren 21 eta 22an eginen dute Elizondon

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2019ko ira. 19a, 06:30

Asteartean Arizkunenean egin zuten asteburuan Elizondon eginen den XXXII. lehiaketa-enkante nazionalaren aurkezpena. Argazkia: Juan Mari Ondikol

Lehiaketa-enkante nazionalaren XXXII. edizioa izanen da aurtengoa

Pirinioetako behi-aziendaren lehiaketa-enkantea egiteko hitzordua zehaztua dute Elizondon. Aurten XXXII. edizioa beteko du eta aziendazaleak irailaren 21ean eta 22an, larunbatean eta igandean, bilduko dira herriko merkatu plazan, hilaren 17an, astearte eguerdian Arizkunenean egindako aurkezpenean aipatu zutenez.

Irailak 21, larunbata

09:00etan abelburuen txanda kalifikatzaileak hasiko dituzte eta arratsaldean, 17:30etik 20:00etara,  azienda erakustaldia eginen dute. Bien bitartean, goizez, 10:00etatik 14:00etara, eta arratsaldez, 17:00etatik 20:00etara, Baztango artisauek mimoz landutako produktuak eta nekazaritza elikagaiak plazaratuko dituzte.

 

Irailak 22, igandea

Goizean goizik hasiko dute eguna. 09:00etatik 12:00etara, behi-aziendaren erakustaldia eginen dute. Erakustaldiaz gozatu artean, 11:30ean hasita, Nafarroako aratxe haragia eta gazta dastatzeko aukera izanen dute.

12:30ean behi-aziendaren enkantea eginen dute. Segidan, 13:00etan, azienda lehiaketako sariak ez ezik, argazki lehiaketakoak banatuko dituzte. Goiz osoz, 10:00etatik 14:00etara Baztango artisauen produktuak eta elikagaiak erosteko aukera eskainiko dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun