Irailaren 22an, larunbatean 09:00etan, hasiko dira txanda kalifikatzaileak eta, ordubeteren buruan, Baztango artisauek eta nekazariek egindako eskulan eta elikagaiak plazaratuko dituzte. Azoka 14:00 bitarte eta 17:00etatik 20:00etara egonen da zabalik. Bien bitartean, 17:30etatik 20:00etara, behi-aziendaren erakustaldia eskainiko da. Hala, esatari baten eskutik, azienda deskribatuko da.
Biharamunean, igande goizeko 9:00etan irekiko dituzte erakustaldiko ateak. Nekazari eta artisauen produktu eta elikagaiek ere ez dute hutsik eginen 10:00etatik 14:00etara.
Hamaiketako gisa, 11:30ean, Nafarroako aratxe haragia eta Autxitxia gazta dastatzeko aukera izanen da. 12:30eko behi-azienden enkantearen ondotik, 13:00etan bai behi-azienda lehiaketako sariak eta garaikurrak, bai eta Piriniotar Behi Arrazako II. Argazki Lehiaketako sariak banatuko dituzte.