Belateko mendi gainetik nazioarteko zama garraiorik pasa ez dadin manifestazioa deitu dute alkateek

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2018ko api. 24a, 09:39
N-121-A errepide inguruko zenbait alkatek deitu dute larunbaterako manifestazioa Elizondon. Argazkia: Alicia Del Castillo

Apirilaren 28an, larunbat arratsaldeko 6etan Elizondoko plazatik abiatuta N-121-A segurtasuna eskatuko dute

Belate eta Almandozko tuneletako lanek irauten duten bitartean Belateko errepide zaharretik nazioarteko zama garraioa debekatzea eskatzen segitzen dute inguruko herrietako alkateek. Maiatzaren 28an, larunbatean 18:00etan Elizondoko plazatik abiatuko den manifestazioa deitu dute, N121A segurtasuna. Belateko mendi gainetik nazioarteko zama garraiorik ez goiburupean.

 

Manifestazio deialdian Joseba Otondo Baztango alkateak aipatu zuenez, «hasteko, joan den ortzegunean Manu Ayerdi lehendakariordeak trafikoa egunaren eta matrikularen arabera aldizkatuz mugatzeko propasamena nahikoa ez dela uste dugu, hortaz, ez dugu ontako ematen. Haatik, proposamenak trafikoaren mugaketa ekartzen duen neurrian arazoaz ohartzen ari direla pentsarazten digu horrek, eta bide onetik goazela. Gehiago: proposamenarekin Nafarroako Gobernuak trafikoa mugatzeko ahalmena duela onartzen du, beraz, nahi izanez gero nazioarteko zama garraioren pasabidea debekekatzeko ahalmena du lehenago Gironan edo Errioxan egin bezala».

Gauzak horrela, bertze behin, Belateko gainak gaur egungo trafikoa jasaten ahal ez duela erran nahi dute alkateek. Aurtengo martxoaren 6an Belateko tuneletan 3.800 ibilgailu astun zenbatu zituzten. Tunelak ireki zituzten urtean, 2000. urtean, 800 eskas ziren. «Tunelak egin baino lehenagoko Belate ezagutu duten guztiek badakite lepo gain horretatik ez dela halako kamioiketa ibiltzen ahal. Horregatik, Nafarroako Gobernuaren  azkeneko proposamenak ez du herritarrek eskatzen duten segurtasuna bermatzen ahal», diote alkateek. 

Guttieneko segurtasuna eskaintzeko modu bakarra Belateko lepo gainetik nazioarteko zama garrioa debekatzea dela uste dute. Hori dela eta, N121A errepidean segurtasuna eskatzeko modu bakarra nazioarteko zama garraioaren debekua delako, apirilaren 28rako goiburu honekin manifestaldia antolatu dute: N121A segurtasuna. Belateko mendi gainetik nazioarteko zama garraiorik ez. Manifestaldia Elizondoko plazatik, arratsaldeko 6etan abiatuko da.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun