Xabi Maia Etxeberria (Elizondo, 1981) lehen aldiz ariko da Euskal Herriko Bertsolari txapelketa nagusian. Elizondarra 2009an hasi zen bertsotan, Baztango Bertso Eskola sortu zenean. 2014an, berriz, Bardoak Nafarroako taldekako bertso txapelketan parte hartu zuen, eta 2013an aritu zen lehenbiizko aldiz Nafarroako Bertsolari Txapelketan. Txapelketa Nagusian Baigorriko Ezker paretan eginen den saioan eginen du estreinaldia. 17:00etan hasiko da saioa. Xabi Maia Etxeberriarekin batera, Aimar Karrika Iribarren, Alaia Martin Etxebeste, Ander Lizarralde Jimeno, Beñat Ugartetxea Ostolaza eta Mikel Artola Izagirre ariko dira.
Irailaren 30ean Seguran eginen den bigarren saioan Ander Fuentes Itturri zubietarra ariko da. Hirugarren final-laurdena Leitzan eginen da, urriaren 1ean.
Sarrerak salgai
www.bertsosarrerak.eus atarian salgai dira sarrerak. Final laurdenetako sarrerak denontzat daude jada eskuragai eta finalaurrekoak eta finalekoak bazkideentzat daude soilik urriaren 2ra arte. Bertzalde, bazkideek bakarrik lortu ahal izanen dute abonamendua. «Txapelketa honetan onura gehiago eskaini nahi izan diegu gure bazkideei, haien inplikazioa eta ekarpena eskertzeko modurik onena dela iruditzen baitzaigu. Izan ere, Bertsozale Elkarteko bazkideak dira gaur aurkezten dugun Bertsolari Txapelketa Nagusi honen eta Bertsozale Elkarteak aurrera eramaten dituen bestelako hamaika ekimenaren sostengurik handi, fidel eta ezinbestekoena», azaldu du Muruak. Era berean, salmenta guneak ere izanen dira Euskal Herri osoan zehar, sarrera arruntak erosteko.