Eskualdeko bi bertsolarik parte hartuko dute Bertsolari Txapelketa Nagusian

Ttipi-Ttapa 2017ko ira. 14a, 12:41

Aste honetan egin du Bertsozale Elkarteak txapelketa aurkezteko prentsaurrekoa. Han izan zen Alaitz Rekondo, Nafarroako Bertsozale Elkarteko lehendakaria.

Irailaren 23an Baigorrin eginen den lehenbiziko final-laurdenarekin hasiko da lau urtetik behin egiten den Bertsolari Txapelketa Nagusia. Han ariko da eskualdeko ordezkarietako bat: Xabi Maia elizondarra. Irailaren 30ean Seguran eginen den bigarren saioan Ander Fuentes Itturri zubietarra ariko da. Hirugarren final-laurdena Leitzan eginen da, urriaren 1ean.

Guztira 43 bertsolarik hartuko dute parte Bertsolari Txapelketa Nagusiaren XVII. edizioan, eta tartean ariko dira Xabi Maia (Elizondo, 1981) eta Ander Fuentes Itturri (Zubieta, 1979). Bientzat ere lehenbiziko Txapelketa Nagusia izanen da.

Elizondarra 2009an hasi zen bertsotan, Baztango Bertso Eskola sortu zenean. 2014an, berriz, Bardoak Nafarroako taldekako bertso txapelketan parte hartu zuen, eta 2013an aritu zen lehenbiizko aldiz Nafarroako Bertsolari Txapelketan. Txapelketa Nagusian Baigorriko Ezker paretan eginen den saioan eginen du estreinaldia. 17:00etan hasiko da saioa.

Zubietarra, berriz, 2006an hasi zen bertsotan. 2008an parte hartu zuen lehenbiziko aldiz Nafarroako Bertsolari Txapelketan eta 2009, 2015 eta 2017ko finaletan kantatu zuen. 2016. urtean Bardoak ekimeneko irabazle izan zen eta gaur egun Leitza eta Lekunberriko bertso eskoletan aritzen da. Txapelketa Nagusian, bigarren final-laurrekoan ariko da kantari, Segurako Baratze pilotalekuan eginen den saioan. 17:00etan hasiko da.

Txapelketa Nagusiko hirugarren final-laurrekoa urriaren 1ean jokatuko da Leitzako Udal Kiroldegian. 17:00etatik aitzinera sei bertsolari ariko dira kantari: Agin Laburu, Iñaki Apalategi, Julio Soto, Oihana Bartra, Oihana Iguaran eta Unai Agirre.

Gai jartzaileak eta epaileak

18 lagunek osatzen dute gai jartzaile taldea eta tartean, eskualdeko lau lagun ariko dira: Alaitz Rekondo (Lesaka, 1980), Elisa Almandoz (Lekaroz, 1984), Fernando Anbustegi (Elizondo, 1977) eta Maider Ansa (Arano, 1986). Epaile lanetan ariko direnak 20 izanen dira eta horien artean, Jon Abril (Bera, 1975). 

14 saio Euskal Herri guztian barna

Abenduaren 17an Barakaldoko Bilbao Exhibition Centerren jokatuko den finalaren aitzinetik, bertze hamahiru saio eginen dira, eta aurten gainera, lehenbiziko aldiz, Euskal Herriko zazpi lurraldeetan izanen da Txapelketa Nagusia. Jokin Castaños Bertsolari Txapelketa Nagusiko talde antolatzaileko kidearen arabera, «modu batera edo bestera bertsolaritza presente dago guztietan eta horren isla izango da Txapelketa Nagusia». Eta Iñaki Murua Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko lehendakariaren hitzetan, «errealitate baten isla da, bertsolaritza bizirik baitago eremu horretan».

Sarrerak salgai

www.bertsosarrerak.eus atarian salgai dira sarrerak. Final laurdenetako sarrerak denontzat daude jada eskuragai eta finalaurrekoak eta finalekoak bazkideentzat daude soilik urriaren 2ra arte. Bertzalde, bazkideek bakarrik lortu ahal izanen dute abonamendua. «Txapelketa honetan onura gehiago eskaini nahi izan diegu gure bazkideei, haien inplikazioa eta ekarpena eskertzeko modurik onena dela iruditzen baitzaigu. Izan ere, Bertsozale Elkarteko bazkideak dira gaur aurkezten dugun Bertsolari Txapelketa Nagusi honen eta Bertsozale Elkarteak aurrera eramaten dituen bestelako hamaika ekimenaren sostengurik handi, fidel eta ezinbestekoena», azaldu du Muruak. Era berean, salmenta guneak ere izanen dira Euskal Herri osoan zehar, sarrera arruntak erosteko.

Erlazionatuak

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun