Artzain Egune arrakastatsua izan da aurten ere Amaiurren

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2017ko abu. 16a, 17:36

Gilen Etxegoien eta Guaya garaile izan ziren Amaiurren. Argazkia: Juan Mari Ondikol

Hazparneko Gilen Etxegoienek irabazi zuen artzai zakur lehiaketa eta Orabideko Pello Pegneguy-k gasnarena

Amabirjin egunez Artzai Egune ere ospatu zuten Amaiurren eta lanbide honekin zerikusia duten hainbat ekitaldi izan ziren: artzain zakur lehiaketa, latxa arrazako ardi lehiaketa eta gasna lehiaketa.

 

Berrogeita bigarren urtez egin den Artzain zakur lehiaketan, Hazparneko Gilen Etxegoien eta Guaya zakurra suertatu ziren garaile, 354 punturekin. 3 puntu eskasengatik irabazi zioten zenbait urtez txapeldun izan den Matxinbentako Peio Segurolari eta Azpi zakurrari. Denera 10 artzain eta zakur aritu ziren. Aurten, hamahirugarren aldiz, Xanparteko Patxi Etxeberria zenaren omenez egin da lehiaketa hau.

Latxa arrazako XV. ardi erakusketa eta lehiaketan 6 ardi eta ahare bateko loteak aurkeztu zituzten. Burubeltzen atalean, 6 eta 18 hilabete artekoetan, lehen saria SC Irigoyen Recartek irabazi zuen, bigarren saria Felix Alemanek, hirugarrena Migel Angel Maritorenak eta laugarrena Begoña Etxalarrek; eta 18 eta 36 hilabete bitartekoen sailean, lehen saria Begoña Etxalarrek irabazi zuen, bigarrena Norberto Agerrek, hirugarrena Migel Angel Maritorenak eta laugarrena Blanca Bikondok. Adarrik onenen saria Begoña Etxalarren ahariak irabazi zuen. Hiru urtetik goitikoen sailean, Norberto Agerreren lotea suertatu zen garaile, Begola Etxalarrena bigarren, Migel Angel Maritorena hirugarren eta Manuel Bertiz laugarren. Adarrik onenaren saria, Joseba Zelaietaren ahariak eraman zuen.

Burugorrien artean, SC Etxart-en lotea gailendu zen 6 eta 18 hilabete artekoetan, Felixa Ugarterena izan zen bigarren, Sagrario Urrozena hirugarren eta Ramon Urrutiarena laugarren; Felisa Ugartek eraman zuen lehen saria 18 eta 36 hilabete artekoetan, Sagrario Urrozen bigarrena, Ramon Urrutiak hirugarrena eta Isidro Bazterrikak laugarrena; 3 urtetik goitikoetan ere Felisa Ugartek lortu zuen lehen saria, Ramon Urrutiak bigarrena, Sagrario Urrozek hirugarrena eta Isidro Bazterrikak laugarrena.

Gasna lehiaketari dagokionez, Orabideko Peio Pegneguyk lortu zuen lehen saria, Kortarikobordak bigarrena eta Berako Sokorro Almandozek hirugarrena.Eider Pikabea eta Ana Lazkanotegi beratarrek eta Patxi Urrutia amaiurtarrak osatu zuten epaimahaia

Ardi eta artzain kontuez gain, Burgete arrazako zaldi eta behorren erakusketa bikaina izan zen, bertako produktuen azoka ere ikusgarria izan zen eta Iñaki Perurenak harrijasotzen erakustaldia eskaini zuen.

 

Bestetako hondar egunak

Abuztuaren 17ko atseden egunaren ondotik, ortziralean eta larunbatean izanen dituzte bestetako hondar egunak Amaiurren.

 

 

ABUZTUAK 18, ORTZIRALEA

 

10:00 Dianak. 11:00 ­Mahai jokoak elkartean. 12:00 Herriko txistulariak. 12:00 Mus zimizta Gaztelu ostatuan. 14:00 Gazteen bazkari autogestionatua. 18:00 Pilota partidak. 19:00 Herritarren arteko XV. Pala txapelketako finala. Ondotik  Trikipoteoa herrian barna. 21:30 Mutil-dantzak, gaita eta larrain-dantza. 22:00 Gazteen afaria elkartean. 23:30 Kontzertuak: La Jodedera, Altxatu eta Kalera.

 

 

 

ABUZTUAK 19, LARUNBATA

 

12:30 XVI. Boneta jaurtiketa eta herriko txistulariak. 14:00 Zikiro jatea Salaberrik alaituta. 21:00 Mutil-dantzak, gaita eta larrain-dantza. 00:30 Trikidantz taldea.

 

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun