Haziaren egun jendetsua egin dute Lekarozen

Jakoa Errekondok berrogei lagunen galdera eta kezkei erantzun zien.

Baztango agroekologia eskola herritarraren baitan, sagardoen dastaketa ere eginen dute martxoaren 17an

Gero eta errotuago dagoen Haziaren Egunaren aurtengo ospakizuna Lekarozen, larunbatean egin berri dute. Deialdiari erantzunez, gaian interesaturiko hamarnaka jende bildu ziren, iaz Erratzun egindako saioari segida emanez. 

 

 

Eguerdi aldean, giro eguzkitsu eta atseginaren arrimuan, eskola ireki berriaren aitzinaldean,  haziak trukatzeko paratutako mahaian gisa guztietako haziak elkartrukatu ahal izan ziren: banabarrak, artoa, kalabaza... Eta adin desberdinetako jendeak, herrikoak eta eskualde guztikoak, haziei buruzko  kezka beretsuarekin eleketa gozoan aritu ahal izan ziren. Egunaren muina hazien elkartrukea izanagatik, goizean Elutseko minditza komunalean fruta-arbolen neguko txerto ikastaroa egin zuten. Ruth Peña eta Iban Larratxearen eskutik harat hurbildutakoek amu teknikak ikasi ahal izan zituzten, bai betiko moduan: behi kaka, buztin eta trapuarekin eta ore komertzial eta zinta aislantearekin ere bai. Eguna borobiltzeko Jakoba Errekondoren mintzaldi jendetsua egin zen. Usurbildarrak eskolarat bildutako berrogei lagunen kezka eta gelderei jakintza handiarekin erantzun zien. 

Aurtengo Haziaren eguna Baztango agroekologia eskola herritarran baitan egin da, Hazitik Hoziek eta Legate elkarteak antolaturik. Haziaren eguna urtero herriz aldatzeko hartutako erabakiaren ondotik, aldiro jende desberdina bildu eta inplikatzeko ahalmena erakusten ari da eta, horren bidetik, bertako haziak berreskuratu eta ez galtzeko kezka neurri batean jendarteratzen.

 

Sagardoen dastaketa hilaren 17an

Agroekologia eskolaren egitarauan barnean, heldu den ortziralean, martxoaren 17an, Jo ala Jok antolaturik bertako sagardoen dastaketa eginen da Arizkungo Gamioxarrean dolarean. Dastaketa enologoen laguntzarekin eginen da, 19:00tatik aitzinerat, merendu-afari giroan. 

TTIPI-TTAPA da Nafarroa Garaiko mendialdean dagoen euskarazko hamaboskari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aitzinera egiteko.


Izan zaitez harpidedun