Kalitate eta itxura bikaineko ahari, behor, behien... erakustoki bihurtuko da ortziralean Elizondoko Merkatu Plaza goizeko 10etatik eguerdira bitarte. Makineria erakusketa ere eguerdira arte egonen da ikusgai. Postuak izaten dira Elizondoko ferietako bertze osagai garrantzitsua. Elizondoko karriketan barna 200 inguru jarri izan dituzte aitzineko urteetan. Aurten ere, nekazaritzako lehengaiak, tresnak, jakiak, arropak... jarriko dituzte salgai, ortziral eta larunbatean egun osoz.
Euskal Herriko II. Mailako Aizkora Txapelketaren finala eta lau t’erdiko txapelketa
Herri kirolak maite dituztenek ere izanen dute non gozatua, eguerdiko 12etan jokatuko baita Euskal Herriko II.Mailako Aizkora Txapelketaren finala Elizondoko Iriarte Pilotalekuan, (Euria eginez gero Baztan pilotalekuan izanen da). Finala ikusteko 10 euroko sarrera ordaindu beharko da. Sei aizkolari lehian, Ruben Saralegi leitzarra da eskualdeko ordezkari bakarra. Aizkolari bakoitzak bi kanaerdiko, bi 60 ontzako eta bi oinbiko enbor moztu beharko ditu. Lehen bi sailkatuak mailaz igo eta datorren urtean lehen mailan aritzeko aukera izanen lukete.
Eguna bukatzeko, 17:30ean pilota partiduak antolatu dituzte frontoian. Lau t’erdiko txapelketako ligaxkako azken partidua jokatuko dute Xalak eta gaur egungo buruz buruko txapelduna den eta gaurgero finalerdiearako sailkatua dagoen Urrutikoetxeak. Binakako partidan, Ezkurdia eta Barriola, Irribarria eta Merino II.aren kontra ariko dira.