Erratzuko bestak ekainaren 26tik ekainaren 29ra izanen dira

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2015eko ekainaren 25a

Txupinazoarekin batera ezkil jotzeak ez du hutsik egiten Erratzuko bestetan

Zikiro jatea, ekainaren 28an, igandean, izanen da aurten

 

Ekainaren 26an, ortziralean, goizeko 10:00etan argi soinuekin hasiko dira Erratzuko San Pedro bestak. Ordu berean, haur jokoak izanen dira frontoian. 12:00etan txupinazoa eta ezkil jotzea izanen dira eta ondotik, haur eta gurasoendako bazkaria eginen da Kastonean. Arratsaldeko 17:00etan Izpegiko VI.bizikleta igoera izanen da. Bueltan, haurrendako txokolatada prest egonen da eta sari banaketa ere eginen dute. 20:00etan errepresaliatuen aldeko kontzentrazioaren ondotik,  ohiturari eutsiz, mutildantzak, gaita eta larrain dantzak dantzatuta, Baztan zopak izanen dira Kastonean (sarrerak Albantzenea eta Kastonean daude salgai). 23:00etan Zubi puntan kontzertuak adituta, eguna bukatzeko, DJ Txingudi izanen da plazan.

Ekainaren 27an, larunbatean, Pilotaren Eguna ospatuko da. 10:00etako argi-soinuekin iratzarriko dira. Eguerdian, 14:00etako elkarteko paelladaren aurretik, aperitifa izanen dute. 17:30ean binaka, Titin eta Gorrotxategi, Asier Olaizola eta Mikel Goñi; eta lau t’erdian, Olazabal eta Saralegi ariko dira. Ondotik, fronteniseko finala jokatuko da. 21:30ean mutildantzak, gaita eta larrain dantzak dantzatuko dira. Afalondoan, dantzaldia izanen da Trakets taldearekin eta 03:00etatik aitzinera Tirri&Terrirekin.

Ekainaren 28an, igandean, ospatuko da aurten zikiro eguna. Argi soinuekin irekiko  dituzte begiak. 11:00etan pilota partidak izanen dira Gorostapolon. Ondotik, bertsoz bertso eta potez pote ailegatuko dira zikiro jatera (sarrerak Zubi punta, Albantzenea eta Iparlan salgai). Bazkalondoa alaitzeko Modesto musikaria izanen dute. 21:30ean mutildantzak, gaita eta larrain dantzak dantzatuko dira. 22:30ean Panpi portugalen eskutik, dantzaldia izanen da, Iparla ostatuan. Eguna Modestoren musikarekin bukatuko da.

Ekainaren 29a, astelehena, da hondar eguna. 10:00etan argi soinuen ondotik, 11:00etan, meza nagusia izanen da. 12:00etarako, mezan barna ibili eta herriko plazara ailegatu orduko, prest izanen da luntxa; mutildantzek girotuta. 12:00etan herri jokoetan ariko dira. Ilunabarrean, Mariatxiak izanen dira herriko plazan: Los Tenanpas y sus mariatxis. 21:30ean mutil dantza, gaita eta larrain dantzak dantzatuko dira. Bestak Hauspolarien dantzaldiarekin bukatuko dira.

Ekitaldiz betetako lau eguneko bestak dituzte ospatzeke erratzuar eta bisitari guztiek.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun