Nafarroa Oinez 2015

Baztan Ikastolak Nafarroa Oinezko kantu-bideoklipa aurkeztu du Oinez Txokoaren ekitaldietako batzuekin batera

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2015ko eka. 25a, 12:17
Nafarroa Oinezen kantu eta bideokliparen aurkezpenean egon dira Baztan ikastolako zuzendaria, NIEko ordezkariak eta kantuaren egileak ere.

Tradizio irlandarreko musika tresnak eta reggae eta doinu jamaikar-tropikalak auzolanean grabaturiko kanta baterako

Iosune Ortegak, Baztan Ikastolako zuzendariak, eta Fernando Anbustegik, bideokliparen koordinatzaileak, aurtengo Nafarroa Oinezerako kantua eta bideoklipa aurkeztu dituzte ekainaren 25ean Iruñean, Sanferminetarako prestaturiko Oinez Txokoaren berri ematearekin batera. Nafarroako Ikastolen Elkarteko Josu Reparaz haiei laguntzen izan da aurkezpenean. Ikusi bideoklipa

 

Baztan Ikastolako bi ikasle ohik sortu dituzte melodia eta hitzak: Iñigo Beltzunegi “Iturria”k kantuaren melodia egin du eta Jon Barberenak hitzak. Melodiari dagokionez, irlandar tradizioan erabiltzen diren musika tresnekin egindako kantua da, bat-batean eta noizbehinka reggae-a eta soinu jamaikar tropikalak agertzen badira ere. Kantuaren grabaketan honetarako espreski elkartutako 7 musikarik eta 3 abeslarik parte hartu dute, gehienak baztandarrak. Errepikak edo koroak Baztan Ikastolako ikasleek eta Elizondoko Koro Ttikiko haurrek egin dituzte.

Gidoia prestatu, grabatu eta editatzeko lanetan taldetxo bat aritu da eta aktore lanetan Baztan Ikastolako ikasle, irakasle eta gurasoez gain, oro har Baztango herri guztietako jende aunitzek parte hartu du. Auzolanean aritu dira, Baztanen lan ohitura horrek duen garrantziaren erakusgarri. “Hama…bortz, Ama…bat” aurtengo Oinezen leloak eman dio izenburua kantari eta letrak eta bideokliparen grabaketak ere oinarritzat hartu dute. Zenbakiekin eta eragiketekin josteta modukoa egiten da, gure ama hizkuntza den euskararekin Baztango hamabortz herriek mundu bat osatzen dutela azpimarratuz. Lortu dugun mundu ttipi honen helburua handitzea, hedatzea eta edertzea izanen da, eta horren adierazgarri izanen den aurtengo Nafarroa Oinezera hurbiltzeko gonbidapena egiten du kantuak.

Baztango hamabortz herriak erakutsi nahi izan dituzte bideoklipean, bat bertzearekin lotuz, hamabortzek bat osatzen dutela adieraziz. Baztango hamabortz herriak agertzen dira bat bertzearen segida gisa, bat direla irudikatu nahian; tartean, kantuan parte hartu duten musikari eta abeslariak, baita Baztango irudi zoragarriak ere, eta akabailan time lapse jendetsu bat.

 

Baztango ohiturak Iruñeko Sanferminetako Oinez Txokoan

Urtero bezala, Sanferminetan Oinez Txokoa denendako zabalduko du Nafarroa Oinezek Vista Bellan. Egitarau zabala, anitza, adin guztietarako ekitaldiz beterikoa prestatu dute. Egunero eta gauero ongi pasatzeko aukera izanen da Oinez Txokoan. Aurten Nafarroa Oinez Baztanen ospatuko denez, Baztango eta eskualdeko norbanako eta talde aunitzek parte hartuko dute Sanferminetako egitarauan. Ipuin kontalariak, bakarrizketak, bertsolariak, dantzak... denetarik izanen da. Baztango ohitura eta tradizioek leku berezia izanen dute Jo ala Jo taldearen eskutik, eta musikak ere toki nabarmena izanen du, bertzeak bertze Oihan Vega, Trikidantz edota Los Zopilotes Txirriaos-i esker. Ortegak eta Anbustegik gonbidapena egin dute: «Oinez Txokora hurbildu eta Nafarroa Oinez lagundu bidenabar, ongi pasatzeko aukera izanen da».

Erlazionatuak

Hama...bortz, ama...bat-Kantua

Xorroxin irratia 2015 eka 26 Baztan

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun