Emakumeen eta Gizonen arteko I. Berdintasun Plana aurkeztu du Baztango Udalak

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2015ko eka. 3a, 11:52

Horren berri emateko 100 liburu eta 2.000 esku-orri argitaratuko dituzte

Baztango Emakumeen eta Gizonen arteko I. Berdintasun Planaren aurkezpena egin zuten ekainaren 1ean Balleko Etxean. Udalak 2015erako onartu duen aurrekontuan, berdintasun plana gauzatzeko jardueren gastuetarako 14.000 euro aurreikusi dira eta 28.234 euro berdintasun teknikariaren kontrataziorako. Nafarroako Gobernuak diruz laguntzen du kontratazioa, kostuaren % 60a ordainduz.

Berdintasun Planaren abiapuntua diagnosia izan da; 2013an hasi eta 2014 erdialdera bukatu zen, prozesu parte hartzaile baten bidez. Honekin berdintasun

egoeraren "argazkia" lortu zuten, dauden oztopoak eta trabak ezagutu eta baita

aitzinerako lan ildoak identifikatu ere. Hurrengo pausua edo bigarren fasea izan da

Berdintasun plana egitea. 2014ko bigarren sei hilabetean zehar egina da eta diagnosiaren antzera, prozesu parte hartzailea izan da.

Hasierako oinarrizko dokumentua berdintasun batzorde irekian, arlokako lan bileretan eta lau kuarteletan egindako ekarpen saioetan osatu zen. Azkenik, Berdintasun plana 2014ko abenduaren 18an onartu zuen Baztango Udaleko Osoko Bilkurak. Udaletik diotenez, “hasteko garbi gelditu behar da plan hau ez dela berdintasun arlo edo zerbitzuaren plana, baizik eta Baztango Udaleko Berdintasun Plana dela, Baztango herriari, emaztekiei eta gizasemeei, eta Udal administrazioari zuzentzen zaiona, 2015etik 2018 arte berdintasunaren alde lan egiteko jarraibideak zehazten dituena”.

Gauzatuko diren ekintzen helburu nagusien artean, Udaleko barne antolaketa zein kudeaketan genero ikuspegia txertatzea, Baztango emakumeen ahalduntzea sustatzea, emakumeen kontrako indarkeria eta sexu erasoei aurre egiteko neurriak hartzea eta Baztango kultura, aisialdi zein kirol programazioan genero ikuspegia kontuan hartzea daude.

 

100 liburu eta 2.000 esku orri

Berdintasun Plana zabaltzeko 100 liburu eta 2000 esku orri argitaratu dituzte. Liburuak berdintasun plan osoa biltzen du eta planaren inplementazioan parte hartuko duten edo zerikusia izanen duten guziei banatuko zaie: Baztango

ikastetxeei, Osasun Zentroari, Liburutegiari, herriko eragileei, zonaldeko hedabideei... Batzar Nagusian parte hartzen duten guziek ale bat jasoko dute ere eta baita udal zerbitzu edo arlo guziek. Esku orrietan planaren laburpena dago. Ikastetxeen laguntza izanen dute esku orriak banatzeko eta eraikin publikoetan eskuragarri egonen dira, herritarrek berdintasun planaren berri izan dezaten.

Paperaz gain, dagoeneko eskuragai dago Udal web gunean, Berdintasun zerbitzuko atarian.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun