Bortzirietako eta Baztango Berdintasun Zerbitzuek antolatuta, 'Eta eskualdeko gizonekin zer?' dinamika egiten ari dira. Lehen saioa irekia egin zuten, eta larunbat honetan Beran eta heldu den larunbatean Elizondon izanen dituzte hurrengo hitzorduak.
Kultura aldetik udaberri mugitua izaten ari dira Zugarramurdin: Zinema zikloan murgilduak daude eta sorgin ehizari buruzko hitzaldi teatralizatua ere izan zuten apirilaren 11n. Maiatzaren 10ean, berriz, kantu bazkari bat izanen dute Azketa jatetxean, baina berezitasun batekin: besta plazan hasiko dela Kantujira batekin 13:00etatik aitzinera. Kantujiran Bentazaharreko Mutiko Alaiak arituko dira.
Poesia gustuko dutenek huts egin ezineko hitzordua izanen dute asteburu honetan Elizondoko Txokoto tabernan: Itxaro Borda idazle baionarra eta Joseba Irazoki musikari beratarrak poesia irakurketa musikatua eginen dute maiatzaren 10ean 13:00etan.
Bortziriak Dantzan ekimenaren geldialdia izanen da Beran larunbatean, maiatzaren 10ean. Bertan mutxikoak eta bertzelako euskal dantzak dantzatzeko aukera izanen da. Hitzordua 18:00etan paratu dute Toki Onako estalpean eta Otsanda txaranga ariko da jotzen. Erdizka Lauetan taldeak antolatu du ekitaldia.
Igandean ospatuko dute Senpeko aintziran Herri Urrats, eta bezperarako 'Urrats gaua' izeneko gaualdia antolatu du Saran Etxola gaztetxeak, Sarako kiroldegian. Pontx pailazoa eta Moira, Krank, Rodeo, Inertzia eta Ezpalak taldeak ariko dira 18:00etatik goiti.