'Eta eskualdeko gizonek zer?' dinamikaren barrenean bilerak eginen dituzte hilaren 10ean eta 17an

Ttipi-Ttapa 2025ko mai. 7a, 16:00

Maiatzaren 10ean 17an eginen dituzte hurrengo saioak. Irudian Beran apirilarean egindakoa.

Bortzirietako eta Baztango Berdintasun Zerbitzuek antolatuta, 'Eta eskualdeko gizonekin zer?' dinamika egiten ari dira. Lehen saioa irekia egin zuten, eta larunbat honetan Beran eta heldu den larunbatean Elizondon izanen dituzte hurrengo hitzorduak.

Apirilean egin zituzten lehen bi saio irekiak. Maiatzean eginen dituztenetan, berriz,  berdintasunaren sustapenean gizon* gazte eta helduekin nola egin egin aztertuko dute.

Saioak Eraikiz kolektiboaren eskutik eginen dituzte eta elkarrizketarako guneak izanen dira. Bertan erabakiko dute parte hartzaileek hemendik aitzinera nola konprometitu: modu autonomoan edo laguntza profesionalarekin edo aldizkako tailer edo topaketen bidez. Gainera, zer gai eta nola landu eta baita zein ikuspegitatik eginen duten ere erabakiko dute.

Larunbat honetan hitzordua Beralandetan izanen da 10:00etatik 12:30era. Heldu den larunbatean, aldiz, Arizkunenean izanen da, 10:00etatik 12:30era.

Bortzirietako eta Baztango Berdintasun zerbitzuak Xareta, Baztan, Bertizarana, Malerreka eta Bortzirietako gizon* guztiak animatu dituzte prozesuan parte hartzera eta «gizarte berdinzaleago baterantz doan eraldaketa feministan modu aktiboan eta kolektiboan inplikatzera».

Bileretan parte hartu nahi dutenek aitzinetik izena eman beharko dute. Berako hitzorduan parte hartzeko berdintasuna@bortziriakber.eus helbidera edo 722 69 30 78 zenbakira deitzen ahal da eta Elizondokoan parte hartzeko berdintasuna@baztan.eus helbidera edo 613 00 36 34 zenbakira.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun