Bestak 2026

«Bestak baino besta ttikiak ditut maiteago, guretako eginak daudelako»

Ttipi-Ttapa 2026ko abuztuaren 12a

Miren Zubillaga Ansalas. Argazkia: utzitakoa.

Miren ZUBILLAGA ANSALAS, Zugarramurdiko gaztea.

Deitu  eta etxeko ostatuan lanean dabilela erran digu Miren Zubillaga Ansalasek (2006). Zugarramurdikoa da bera eta bere familia ia osoa ere bai. Herrian bi ostatu dituzte; Ansalas herriko plazan eta Azketa herri beheitian, frontoiari lotuta: pareta paretarekin. Hala, «goiti eta beheiti» ibiltzen dela dio: «Lana izan, badugu». Zugarramurdiko bestak izanen dituzte hemendik gutira eta lan gehiago izanen dute oraino, bide batez,  «gustuko» dituela dio, baina «niretako lan egunak dira bestak baino gehiago». Eta lanez gainezka badaude ere, tarte bat eskaini digu Zubillagak;  herriko eguneroko martxaz, bestaz eta gehiagoz ere aritu zaigu solasean. 

Zugarramurdikoa da bera; «hemen sortua» eta bere hitzetan, «zugarramurdiarra» gainera: «Beti sentitu izan naiz hemengoa, niretzat Zugarramurdikoa izatea bertako ohiturez, jendeaz eta herriaz harro egotea da». Harro dago herriaz, baita «herri giroaz» ere: «Herri ttikia izanik, denok ezagutzen dugu elkar, eta beti dago edozertan laguntzeko prest dagoen norbait». Kontrara, txanponaren bertze aldeari begiratuta, herri ttikia izanik, hutsuneren bat ere badagoela adierazi du Zubillagak, bere ustetan garraio publikoak huts egiten duela iritzita: «Batez ere, faltan sumatzen dut herritik ateratzeko garraio aukera da. Herri ttikia izateko, ekintza anitz egiten ditugu urtean osoan eta aski gustura bizi naiz hemen. Hala ere, Iruñera edo bertze leku batzuetara joatea ez da beti erraza izaten, batez ere, gidabaimenik ez duten gazteendako edo mugitzeko zailtasunak dituzten pertsonendako».

Zugarramurdiarrak Herri Haitadan, bizi-bizirik dago herria. Argazkia: Miren Zubillagak utzitakoa.

 

Oro har, herri «bizia» da Zugarramurdi eta mugituak dira herritarrak, tartean, Zubillaga. Herriko kontuetan mugitzea gustatzen zaio eta erran digunez, «kostatzen ez zaion zerbait da» herritik eta herriarendako lanean ibiltzea: «Alaia, langilea eta saltsa guztietan sartzea gustatzen zaion horietakoa naizela erranen nuke. Beti gustatu izan zait gauzak antolatzea eta ahal dudanetan herrian laguntzea. Horregatik, gazte komisioko kidea naiz eta ilusio handiz parte hartzen dut antolatzen ditugun jardueretan».

«Goiz-goizetik lanean aritzen naiz normalean, hori du jatetxean lan egiteak. Denak bezala, bere alde onak eta txarrak ditu, baina akitutakoan, indarrak gelditzen bazaizkit, lagunekin elkartu eta herriko besta giroaz disfrutatzen dut»

«Denerako eta denendako»

Zaindu maite duzun hori dio Ruper Ordorikak kantuan eta Zubillagak ere, bide beretik, kantatu ez, baina egin egiten du. Lanaz aparte, «denerako eta denendako» denbora ateratzen saiatzen baita: «Gehien maite dudana lagunekin eta familiarekin denbora pasatzea da. Horrez gain, mendira joatea ere anitz gustatzen zait, eta ahal dudanetan herrian aktibo egotea ere bai». Bidenabar, besta egunetan ere denerako atera ohi du denbora tarte bat: «Goiz-goizetik lanean aritzen naiz normalean, hori du jatetxean lan egiteak. Denak bezala, bere alde onak eta txarrak ditu, baina akitutakoan, indarrak gelditzen bazaizkit, lagunekin elkartu eta herriko besta giroaz disfrutatzen dut». 

Aurtengoei begira

Aurtengoei begira, prestaketa, orokorrean, «ongi», doala aitzindu digu Zubillagak, baina oraino zer egin ere gelditzen dela dio: «Gazteak buru-belarri lanean gabiltza dena prestatzen, denok bestak ahalik eta hobekien pasatu eta disfrutatzeko». Eta berak besta giroan baino gehiago lanean igaroko ditu egunak: «Batez ere, behar den lekuan laguntzen arituko naiz, baina beti ateratzen da tarte ttiki bat herriko bestaz pitta bat gozatzeko». Herriko besta guziek dituzte beren ohitura bereziak eta Zubillagaren ustetan,  «lezeetatik plazara egiten den igoera» da haien bereizgarri, hortaz, «ez litzateke sekula galdu behar».

«Besta ttikiak ditut maiteago. Batez ere, bestetan zikiroa dela eta, herrikook egin behar izaten baitugu, jende aunitz hurbiltzen baita. Besta ttikiak, aldiz, guretako eginak dira»

Laburbilduz, lana bestetan eta ordainsaria besta ttikietan, horrelaxe azaldu digu berak eta motibatuta agertu da: «Besta ttikiak ditut maiteago. Batez ere, bestetan zikiroa dela eta, herrikook egin behar izaten baitugu, jende aunitz hurbiltzen baita. Besta ttikiak, aldiz, guretako eginak dira; herriko jende guztia ateratzen gara besta egitera eta giro aski polita izaten dugu».

Bestak zein besta ttikiak alde batera utzi eta bere etorkizuneko helburuez galdetu diogu. Zalantza guti izan ditu eta fite erantzun digu: «Ikasketak finitu eta horretan lanean aritu. Epe luzeagora, etxera bueltatu eta etxeko negozioarekin segitu».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun