Senperen bizi da Laia Madariaga Iturria (Senpere, 2011), baina «bizi erdia Saran» egiten omen du. Afizioei ere batean eta bertzean egiten die tokia: «eskubaloia eta pianoa Senperen; lagunekin euskal dantzak Saran...». Hortik aparte, «kazetaritza» maite du.
Kattalin Elizalde kolegioan deskubritu zuen Euskarabentura, «borzgarren mailan, heldu batzuk espedizioaz solas egitera etorri zirenean. Hirugarrenean berriz aipatu ziguten proiektua. Aldi hartan gazte bat etorri zen espedizioari buruz xehetasun gehiago erratera».
Baina ordurako hartua zuen Euskarabenturan parte hartzeko erabakia: «Euskarabenturaren berri izan nuenean, Maiena nire lagun hoberenarekin plana egin nuen 14-15 urterekin joateko. Adin hori ukan, eta proiektua martxan paratu genuen. Ondotik, Leixa nire kusina ere proiektura gomitatu nuen, hirurok abentura goxoa igarotzeko». Eta halaxe izanen da.
Kontatu duenez, «Euskarabenturaren mezua nire amak errezibitu zuen. Amak deitu zidan, eta hastapenean, ez nintzela hartua erran zidan. Hutsa sentitu nuen, niretzat arras garrantzitsua baitzen hartua izatea. Negarrez hasi baino lehen, amak 'Lasai, hartua zara!' erran zidan. Saltoka hasi nintzen aitatxi eta amatxiren sukaldean. Nire desio handiena bete zen!». Eta ez hori bakarrik: «Oraino urosago sentitu nintzen denak hartuak ginela jakitean».
Zer da euskalduntasuna?
Euskarabenturarako egin beharreko lanari begira, Zer da euskalduntasuna? gaia aukeratu zuen senpertarrak, «hori zelako gehienbat egunerokoan bizi nuena». Galderari honela erantzun zion: «Euskalduntasuna euskara duena da, bakoitzaren baitan dena; batzuek aukeraz eta bertzeek sortzez dutena». Ikus-entzunezko bideo batekin osatu zuen, eta dioenez, «ahizparen laguntza baliatu nuen. Berak bideoan galderak pausatzen zizkidan eta nik erantzun. Antzerki ttipi baten idurikoa izan zen, eta uste dut haur bat eta giro goxoa ukaiteak bideoa arindu zuela».
«Euskarabentura bizi osorako nire memorian atxikiko dudan esperientzia izatea nahi nuke»
Hala, desioa beteta, uztaila Euskarabenturan pasatuko du. «Bizi osorako nire memorian atxikiko dudan esperientzia» izatea nahi du. Trukean «nire euskalkia eta kultura partekatu» nahi ditu espedizioko kideekin, baita «nire umore ona eta elkartasuna» ere. Gainerakoan, dioenez, «egunero ibiliz, kanpoan lo eginez eta eguneroko usain erosoak baztertuta, bizirautea espero dut».
«Iparraldeko eta Hegoaldeko gazteok nahasteko zailtasunak ditugu, muga bat inposatu digutelako. Hortaz, Euskarabenturan Euskal Herri osoko lagunak ukaitea nahi nuke»
Bide batez, «Euskal Herria hobekiago ezagutzeko eta gauza anitz ikasteko» probestu nahi du abentura. Baina bereziki bi helburu ditu begiz joak: «Euskal Herri osoko lagunak egitea eta euskaraz gehiago mintzatzea». Honela kontatu du: «Alde batetik, Iparraldeko eta Hegoaldeko gazteok nahasteko zailtasunak ditugu, muga bat inposatu digutelako. Hortaz, Euskarabenturan Euskal Herri osoko lagunak ukaitea nahi nuke. Bertzetik, euskara nire egunerokoan eta nire baitan da, familian, ikastolan, lagunena artean… Baina, maleruski, nire inguruak pixkanaka erdaraz mintzatzera bultzatzen du eta egia da lagunen artean ere erdara aditzen dela. Gisa berean, geroz eta haur eta gazte gehiagok euskara ikasten dute, baina anitzentzat ikastolako hizkuntza da, eta fite etortzen da gure ahoetara erdara». Madariagak, ordea, hori irauli nahi du: «Euskarabenturaren ondotik, euskaraz gehiago mintzatu nahi nuke». Honela borobildu du: «Gora Euskal Herria! Espero dut gure belaunaldiak euskara garatuko duela. Eta bukatzeko, gora Sara eta gora Senpere!».