EuskarAbentura

Hilabeteko abenturan murgildu dira gazteak

Ttipi-Ttapa 2026ko uztailaren 4a

Aurtengo Euskarabenturan parte hartuko dutenak.

Aurten, zortzigarren aldiz, pausoz pauso Euskal Herria gurutzatuko dute EukarAbenturako kideek. Uztailaren 18an Lesakara ailegatuko dira eta bi egunen buruan abiatuko dira Urdazubira. Tartean, eskualdeko hiru parte hartzaile ibiliko dira eta haiei egindako elkarrizketak ondoko orduetan argitaratuko ditu TTIPI-TTAPAk ERRAN.EUSen. Unai Iturralde Elizalde berroetarra, Laia Madariaga Iturria senpertarra eta Unai Irigoyen Sanz doneztebarra dira protagonistak. 

Aste honetan hasi da Euskarabenturaren zortzigarren edizioa, euskara mingainean Euskal Herria alderik alde zeharkatuko duen espedizioa. Euskal Herriko eta diasporako 130 gazte euskaldunek parte hartuko dute uztailaren 31n Getxon bukatuko den abenturan.  

Etapa gehienek Done Jakue bidea izanen dute oinarri, baina Euskal Herriko bertze txokoak ezagutzeko aukera ere izanen dute. Denetara, 650 bat kilometro egin beharko dituzte, joan den urtean baino 120 kilometro guttiago, baina aldi berean, oinez joan den urtean baino 100 kilometro gehiago. Bana bertze 17-20 kilometroko etapak izanen dira eta horietako batzuk eskualdean barna eginen dituzte. Zehazki, uztailaren 18an, Oiartzunen barna, Lesakara ailegatuko dira, eta aurten, bi egun eginen dituzte Lesakan: hilaren 18a eta 19a. Uztailaren 20an, berriz, Urdazubiko bidea hartuko dute, eta biharamunean, Urdazubitik Baiona aldera joanen dira.  

Eskualdeko hiru jzioquitar

Jzioquitarrak. Hala dute izena espedizioan parte hartzen duten gazteek eta kamiseta laranja da euren bereizgarri. Jzioqui dugu euskaraz eskribitutako lehenbiziko testigantza idatzietako bat da, eta batzuen arabera, «piztu dugu» edo «lortu dugu» erran nahi du. Hortik hartu zuen leloa Euskarabenturak, eta hala, «gazteak euskararen aktibazioaren giltzarri jzioquitar izendatu». 

Espedizioan parte hartzeko, gazteek ez dute ordaintzen. Hain zuzen, gazteek duten interesari eta egindako lanari esker irabazten dute plaza. Eta aldi honetan, hiru galdera hauetako baten inguruan egin behar izan dute lana: Zer da euskaltasuna?, Ametsak egia bihurtu daitezke? edo Zein garai historikotara itzuliko zinateke?

Aurten 264 gaztek aurkeztu dituzte lanak, eta Eusko Ikaskuntza eta Euskarabentura arduratu dira horiek baloratzeaz. Bizkaitarrak dira gehienak (45), Gipuzkoatik 29, Nafarroatik 26, Arabatik hamahiru, Lapurditik zazpi, Baxenabarretik sei, Zuberoatik bat eta diasporakoak hiru. Sexuari erreparatuta, % 59,23 emakumeak dira (77) eta % 40,77, aldiz, gizonak (53). Tartean ibiliko dira eskualdeko hiru: Laia Madariaga Iturria senpertarra, Unai Irigoyen Sanz doneztebarra eta Unai Iturralde Elizalde berroetarra. 

Gazteekin batera, kamiseta urdina soinean, 24 lagun ibiliko dira; hamalau xerpa, xerpa laguntzaile eta xerpa buru, bi gidari/material arduradun, hiru lagun osasun lantaldean, bertze hiru komunikazio lantaldean eta bi koordinatzaile.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun