Nolako ikasturtea izan da?
Elaia Ariztegi: Ongi iragan da ikasturtea.
Nina Guillemand: Orokorrean, ikasturte ona pasatu dut. Gai batzuetan zailagoa egin zait, baina Etxeparen den giro onak ainitz lagundu dit. Hala ere, euskaraz kurtsoen egitea eta ondotik, dena frantsesez ikastea aski gogorra izan da.
Julena Iriarte: Ikasturtea aski ongi pasatu dut orokorrean, baina zailtasun batzuk izan ditut frantsesarekin, eta horrek lan gehiago eskatu dit.
Eñaut Jauregi: Ikasturte hau, bertze urteetan bezala, guk euskaraz egin dugu lizeoan, baina Zientzia Ekonomiko eta Sozialak berezitasunean, konparazione, frantsesa bereziki sartu da gure aurtengo programan, baxoari begira. Aurtengo terminalek baxoa oraino frantsesez pasatuko dugu… Horrek behartzen gaitu urtean zehar euskaraz eta frantsesez ikastera eta ez da beti erraza; adibidez, lan doblea dugu itzulpenetan. Erran gabe doa gure zilegitasuna eta eskubideak urratzen dituztela.
Eneka Pelletrat: Ikasturtea aski goxoa pasatu dut, nahiz eta azterketak frantsesez egiteko zailtasunak izan ditudan.
Saioa Arburua: Ikasturtea, orokorki, ongi pasatu da, nahiz eta batzuetan zaila izan azterketak frantsesez egitea, jakinez, Urdazubitik eta Zugarramurditik heldu garen ikasleen hirugarren hizkuntza dela frantsesa. Azkenean, horrek eragina badu, bai ala bai, gure emaitzetan, ez dugulako maila berdina gure lehen hizkuntzan edo hirugarrenean, eta ulermen eta adierazteko gaitasunak ez baitira konparatzen ahal.
Ez da oraingoa baxoa euskaraz pasatzeko aldarria. Parisek berriki iragarri du 2028tik aitzinera azterketa idatzi bat eta ahozko handiaren zati bat euskaraz egiteko aukera izanen dutela ikasleek. Horrez gain, aurten leheneko ikasleen kasuan, Matematikako proban euskaraz erantzuten dutenen azterketak zuzenduak izanen direla erran du, baina ahoz baino ez. Zer erranen zenukete horren inguruan?
Elaia Ariztegi: Baxoa euskaraz pasatzea ez da pribilegio bat, eskubide bat baizik. Ikasle batek bere ikasketak euskaraz egin baditu, logikoa da azterketak ere euskaraz egin ahal izatea. Ez da azterketa erraztea, jakintza bera ebaluatzea da. Azken asteetan iragarri denez, 2028tik aitzinera, Ipar Euskal Herriko ikasleek berezitasun bateko baxoko azterketa idatzia eta ahozko handiaren zati bat euskaraz egiten ahalko dituzte. Horrez gain, aurten Matematikako proban euskaraz erantzuten duten ikasleen azterketak zuzenduak izanen direla ere iragarri da, nahiz eta egoera oraino ez den guztiz finkatua eta ofizialki bermatua. Urteak dira ikasleek, familiek, Seaskak eta euskararen aldeko eragileek baxoa euskaraz aldarrikatzen dutela! Horregatik, Etxepare lizeoko ikasleak eta bertze hainbat gazte joaten dira Parisera, Frantziako Asanblea Nazionaleko hizkuntza gutxituen aldeko komisiora, beren ahotsa entzunaraztera baxoa euskaraz aldarrikatzeko.
Nina Guillemand: Aitzinatze ona da, baina hemendik bi urtetara gauzak aldatzeko denbora dute oraino. Badira urteak baxoa osoki euskaraz egin ahal izatea aldarrikatzen dugula, eta erdia eman digute.
Julena Iriarte: Uste dut hasiera ona dela azterketa batzuk euskaraz pasatzeko aukera izatea. Hala ere, guk nahi duguna baxoa osorik euskaraz pasatzeko aukera izatea da. Euskaraz ikasten dugu urte osoan, eta normala iruditzen zaigu azterketa guztiak ere euskaraz egin ahal izatea.
Eñaut Jauregi: Argiki, lehen pauso bat izan da, baina hasteko, baxoa ez da osotasunean euskaraz pasatzen ahalko. Gainera modu ez ofizialean iragarri dute, eta ez dute baieztatu hurrengo urtean Matematika euskaraz pasatzen ahalko denik. Gehiago ere bai. 2028ra arte esperatu beharko dute euskal ikasleek? Badirudi arazoa denboran pausatu nahi dutela. Etxepareko ikasleok ekainaren 3an egin genuen mobilizazioan adierazi genuen bezala, basoa erdi betea ala erdi hutsa dago. Pauso bat aitzina emana izan da, baina fite gibelka egiten ahalko dute.
Eneka Pelletrat: Hainbertze borrokaren ondotik, pauso ttiki bat aitzinatu baldin bada ere, niretako neurri horiek ez dira nahikoak eta ez dute etorkizunerako bermerik eskaintzen. Berezitasun bat euskaraz egiten ahalko da, eta bertzea, aldiz, ez. Ez du zentzurik. Baxoa osoki euskaraz eta orain pasatu ahal izatea da gure aldarrikapena.
Saioa Arburua: Iparraldean baxoa euskaraz lortzea aldarrikapen eta borroka luze eta gogor bat izaten ari da, Iparraldeko ikasle gazteek haien ama hizkuntzan azterketak pasatzeko aukera izateko, jakinez ttiki-ttikitatik ikastolatik dena euskaraz ikasten dutela, eta bukaeran, azterketa garrantzitsuenak frantsesez pasatzera behartuak direla. Ez dira batere baldintza errazak, ikasleek ez dutelako lortzen berdin adieraztea azterketa momentuan edo ez dituztelako hitz egokiak atzematen. Hobekuntzak izan dira azken aste hauetan, Parisek berriki iragarri du 2028tik aitzina azterketa idatzi bat eta ahozko handiaren zati bat euskaraz egiteko aukera izanen dutela ikasleek, eta horrez gain, aurten Matematikako proban euskaraz erantzuten dutenen azterketak zuzenduak izanen direla. Esperantza ematen die ikasleei etorkizun hurbil batean baxoko azterketa osoki euskaraz pasatzeko.
Oraino bide luzea gelditzen da egiteko?
Elaia Ariztegi: Bai, oraino bide luzea gelditzen da egiteko, nahiz eta azken urteotan aitzinamendu garrantzitsuak lortu diren. Brebetaren inguruan lortutako garaipenak eta Matematikako baxoko proban euskaraz erantzuteko eskubidea ukatea ez da aski. Gaur egun, oraino ez da legala baxo osoa euskaraz pasatzea, eta lortutako aitzinamendu batzuk ez dira oraino guztiz bermatuak. Horregatik gure eskubideak aldarrikatzen segitzen dugu.
Nina Guillemand: Bidea aitzina doa, baina oraino borrokak segituko du. Ekintzek eta bestek oraino segitu behar dute, osoki euskaraz lortu arte. Baxoa euskaraz pasatzeko eskubidea ukan behar dugu, gure hizkuntza eta eskubidea da. Ttipitatik dena euskaraz egin dugu, eta ainitzendako haien ama hizkuntza da. Bat-batean azterketa frantsesez ikastea biziki zaila egiten zaigu. Eta hainbertze urteren ondoan, bidezkoa dena galdetzen ari gara.
Julena Iriarte: Nire ustez, oraino bide luzea dago egiteko. Aitzinamenduak egiten ari dira pixkanaka, baina helburua baxoa osoa euskaraz pasatu ahal izatea da. Garrantzitsua iruditzen zait euskaraz ikasten dugun ikasleok gure ikasketak eta azterketak euskaraz egiteko aukera izatea. Espero dut etorkizunean urrats gehiago eginen direla norabide horretan.
Eñaut Jauregi: Ez dakit, ikusiz eman duten erantzun berezia, agian oraino bide luzea geldituko da. Bertzalde, baxoa euskaraz pasatzea lortzen bada, Euskal Herriari bideratutako baxoa hurrengo borroka izaten ahalko da, gaur frantses edukietan oinarritzen baita: historia, literatura… Ez da logikoa Frantziaren historia ezagutzea eta ez gurea, konparazione!
Eneka Pelletrat: Bai, bide luzea gelditzen da egiteko, parte bat euskaraz egin ahal izateko denbora ainitz eman dugulako eta ainitz borrokatu behar izan dugulako. Baina guk osoki euskaraz egin nahi dugu eta borrokan segituko dugu.
Saioa Arburua: Pentsatzen dut bidea eta borroka gelditzen dela oraino, baina hala ere, aitzinamenduak badira eta motibatzen dute aldarrikapen horrekin segitzeko, ikasten dugun hizkuntzan progak pasatzeko.
Zer ikasteko asmoa duzue?
Elaia Ariztegi: Lehen Hezkuntza ikasteko asmoa dut Eskoriatzako Mondragon Unibertsitatean.
Nina Guillemand: Nik kirol berezitua ikasteko gogoa dut, zailtasunean diren jendeek kirola egin dezaten, izan elbarrituak eta izan adinekoak.
Julena Iriarte: Datorren urteetan animazioaren arloan segitzeko asmoa dut, bereziki haurrekin lan eginez. Hala ere, oraino ez dakit zehazki non edo zer formatan segituko dudan.
Eñaut Jauregi: Enpresen Administrazio eta Kudeaketa ikasi nahi dut Leioan.
Eneka Pelletrat: Moda ikasteko asmoa dut, Barakaldon edo Donostian. Etxeparetik ikasle gehienak Frantziara joaten dira ikasketak egitera, baina nik Euskal Herrian egon nahi dut. Hala ere, geroz eta ikasle gehiago joaten dira Hegoaldera, ikasketak euskaraz egin ahal izateko.
Saioa Arburua: Baxoa gainditzen badut, irailetik aitzina Aretxabaletara joateko asmoa dut, Industria eta Kultur Sormeneko gradua ikastera. Euskara ez denez ofiziala Iparraldean, aukera gutti dira ikasketak euskaraz segitzeko. Gainera, prozesu zaila da Iparraldetik Hegoaldera joatea ikasketak segitzera.