Unibertsitatera begira daude gazteak

Ttipi-Ttapa 2026ko ekainaren 20a

Aunitzetan eskatu dute baxoa osoki euskaraz egiteko aukera. Irudian urtarrilean Baionan egindako manifestazioa.

Hegoaldean unibertsitatera sartzeko proba egin duten eta Iparraldean baxoa egiten ari diren hemezortzi ikaslerengana hurbildu da TTIPI-TTAPA. Haien bizipenak eta aldarriak hartu dituzte hizpide eta ondoko orduetan publikatuko ditu ERRAN.EUSen. 

Berezia eta presio handikoa izaten da institutuko edo lizeoko azken urtea, Hego Euskal Herrian garai bateko selektibitateak edo gaur egun unibertsitatera sartzeko probak, eta Ipar Euskal Herrian baxoak baldintzatzen baitu ikasturtea. Ikasleek hilabeteak pasatzen dituzte ikasten eta prestatzen, unibertsitatean sartu nahi badute, nahitaez gainditu behar baitute. Hegoaldean, aurtengo unibertsitatera sartzeko probak dagoeneko egin dituzte, eta bidean dira, berriz, baxoko azterketak. 

Unibertsitatera sartzeko proba

Aurten Hego Euskal Herriko 17.764 ikaslek egin dute unibertsitatera sartzeko proba, eta tartean ibili dira eskualdeko 134 ikasle: Berako Toki Ona institutuko 37 ikasle, Leitzako Amazabal institutuko 44 ikasle eta Lekaroz institutuko 53 ikasle. Joan den ekainaren 2an, 3an eta 4an egin zituzten probak Iruñean, NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Arrosadiako campusean; goizez eta arratsaldez aritu ziren, ordu bat eta erdiko etsaminak eginez. 

NUPek emandako datuen arabera, 4.146 ikaslek egin zuten proba Nafarroan. Lautik batek etsaminak euskaraz egin zituzten, eta gainerakoek gazteleraz. Eta aurkeztu zirenen artean, gizonezkoak baino gehiago izan ziren emakumezkoak: % 57,7 emakumezkoak eta % 42,3 gizonezkoak. 

Hamarretik bederatzik baino gehiagok gainditzen dute proba. Hala diote datuek. Aurtengoen kasuan, behin-behineko emaitzak ekainaren 10ean argitaratu zituzten, eta behin betikoak ortzegun honetan, ekainaren 18an, publikatzekoak zituzten. 

Bertzalde, ezohiko deialdia ekainaren 24tik 26ra izanen da, eta kasu horretan, behin-behineko emaitzak hilaren 30ean emanen dituzte. Ikasleek deialdi berezia egiten badute, han lortutako nota heldu den ikasturtean unibertsitatera sartzeko hartuko da kontuan, baina ez ikasturte honetan. Izan ere, ikasketetara sartzeko, lehentasuna dute dagokion urteko deialdi arruntean edo aitzineko urteetako deialdietan gainditu dutenek.

Baxoa

Baxoa egitekoa duten ikasleek, berriz, aldizkari hau argitaratzerako bide erdia egina izanen dute. Eta horien artean, Seaskaren Baionako Bernat Etxepare lizeoan ari diren Sarako, Senpereko, Urdazubiko eta Zugarramurdiko ikasleak daude. 

2019an erreforma egin zutenetik, idatziz bortz azterketa eta ahozko handia egin behar dituzte baxoan. Orain arte, urtero, lehenekoek –lizeoko bigarren urtean direnek– Frantseseko azterketa pasatu behar izan dute, idatzia eta ahozkoa. Baina aurten, lehen aldikoz, baita Matematikako proba ere. Eta terminalekoek –lizeoko azken urtean–, idatziz Filosofiako eta ikasleek hautatuko bi espezialitateei buruzko probak egin behar dituzte, eta azkenik, ahozko handia.

Hain zuzen, espezialitate horien artean, Euskara hautatua zutenek ekainaren 8an egitekoa zuten azterketa, eta aste honetan izan dituzte gainerako proba gehienak: Filosofiakoa ekainaren 15ean, eta bertze espezialitateetakoak ekainaren 16tik 18ra. Ahozko handia egiteko, berriz, bakoitzak bere data du eta ekainaren 22tik uztailaren 1era bitarte izanen dira. Emaitzak, berriz, uztailean hartuko dituzte.

Ez da kontu berria baxoa osorik euskaraz pasatzeko aldarria. Urteak daramatzate manifestazioak eta desobedientzia ekintzak egiten. Eta horietako bat ekainaren 12rako iragarria zuten Seaskako ikasleek. Egun horretan leheneko ikasleek Matematikako azterketa egitekoa zuten, eta Etxepare lizeoko hainbatek euskaraz egiteko hautua egin zuten. Ordura arte Matematikako proban euskaraz erantzundakoen azterketak zuzenduak izanen zirela iradokia zuen Hezkuntza Departamentuak, baina ahoz baino ez. Hala, ziurtasunik ez zegoela ikusita, ikasle horiei babesa adieraziz, elkarretaratzea egin zuten egun horretan lizeo atarian. 

Euskarari dagokionez, bertze aitzinamendu bat ere iragarri dute berriki; 2028ko baxoan, espezialitate bat eta ahozko handiko probaren zati bat euskaraz pasatzen ahalko dutela erran du Edouard Geffray Frantziako Hezkuntza ministroak. Gainerakoak, ordea, frantsesez egin beharko dituzte. Ikasleen ustez, ordea, baxoaren zati bat euskaraz egin ahal izatea ez da aski: osorik euskaraz egin nahi dute.

Hemezortzi gazterekin solasean

Egoera horretan dauden hemezortzi gazteren lekukotasunak bildu ditu TTIPI-TTAPAk. Batzuek, ekain hasieran, unibertsitatera sartzeko proba egin zuten, eta bertzeak hilabete honetan baxoa egiten ari dira.

Eunate Belauntzaran Etxabe aresoarrak, Naroa Olano Sagastibeltza leitzarrak, Anartz Lujanbio Narbarte goizuetarrak, Ekain Telletxea Odriozola donamariarrak, Mikel Valverde Erasun doneztebarrak, Jasone Baylon Urtasun iruritarrak, Leire Uribe-Etxebarria Iturriria erratzuarrak, Lilia Hearn Mentaberri zugarramurdiarrak, Jon Goñi Otamendi beratarrak, Leire Ariztegi Antxordoki lesakarrak, Saioa Etxegarai Maiz aranztarrak eta Mattin Perez Tapia beratarrak unibertsitatera sartzeko proba egin dute. Eta Elaia Ariztegi Suhas, Julena Iriarte Pechmeja eta Saioa Arburua Azkarate urdazubiarrak, Eneka Pelletrat Xurio zugarramurdiarra, Nina Guillemand Uhart senpertarra eta Eñaut Jauregi saratarra baxoa egiten ari dira. Haien testigantzak ondoko orduetan argitaratuko ditu TTIPI-TTAPAk ERRAN.EUSen. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun