Gazteago zenean, bestak prestatzen eta aldi berean disfrutatzen aritzen zen: «Asteazkenean besta egiten hasi eta igandera arte gelditu gabe egoten ginen, ia etxera sartu gabe»,. Gaur egun, berriz, «lasaiago bizitzen ditut eta otordu, lagun eta trago artean gustura egoten naiz». Lehen zikiro eguna zuen maiteen «besta» egiten zuelako «eta orain ortzeguneko aperitifa maite dut herritar aunitz elkartzen garelako».
Zikiroa prestatzen
Bestetan zikiroa erretzen aritzen da Xebero: «Goizean goiz hasten gara dena prestatzen. Ondotik, gosari eder bat egiten dugu indarrak hartzeko. Polita izaten da momentua, herritar aunitz hurbiltzen dira gurekin egotera eta zikiroa ikustera. Momentu aski berezia da, irri aunitz egiten dugu baina suaren beroarekin ere ederki sufritzen dugu!».
Badaki zein den zikiro ona egiteko sekretua: «Lan talde ona izatea eta txef on bat izatea nagusi, gure kasuan Txomin Amorena». Harekin ikasi zuen zikiroa erretzen eta lehendabizikoz Bargotan aritu zela oroitu du: «Txominek laguntza behar zuela erran zidan, eta horrela hasi nintzen ikasten». Geroztik, batean eta bertzean aritzen da, gaur egun inguruko herrietan batez ere: Zigan, Erratzun, Elizondon... «Produktu aski estimatua da zikiroa, jendeak aunitz maite du, piperrada bezain bertze!».