Bestak 2026

«Bestetan beti bada jendea laguntzeko prest eta hori aunitz eskertzen dugu»

Ttipi-Ttapa 2026ko maiatzaren 12a

Batzuk besta egin ahal izateko bertze batzuk egin behar izaten dute lan eta bigarren talde horretakoa da Janire Agerre urdazubiarra. 20 urte ditu eta geldirik egotea gustatzen ez zaion neska gisa aurkeztu du bere burua, «herriko bestak ttiki-ttikitatik ilusio handiz bizi izan dituena beti».

Urdazubiko bestak hitza aditzean bi sentipen etortzen zaizkio burura: «Ilusioa eta gogoak alde batetik, eta urduritasuna eta kezkak bertzetik. Emozio aski desberdinak, baina aski lotuak elkarren artean».  

Bestak prestatzeko lanak

Kezka hitza aipatu du, izan ere Urdazubiko bestak antolatzen dituen komisioko kidea da bertze lau lagunekin batera: Ane Ballarena, Jokin Etchart, Pablo Irazoki eta Leire Albisu. Iaz sartu zen komisioan, eta parte hartzaile bakoitza bi urtez aritzen da. Inauteriak eta sagardotegiko bazkaria antolatzen dituzte, baina urteko lanik inportanteena herriko bestak antolatzea izaten dute. «Bestetako otorduak, musika taldeak, udalarekin harremanetan egon eta negoziatu...». Lan horiek denak egiteko urtarrilean hasi ziren bilkurak egiten. «Nahiz eta gureak eskualdeko lehendabiziko bestak izan, geroz eta fiteago hasi beharra dugu antolatzen, batez ere musikari lotutako kontuak. Gainera, denborarekin hasiz gero, azken tenorean lasaiago ibiltzen gara», kontatu du Agerrek.

Aurten, bestetako egitarauan aitzineko urteetako eredua segitzen saiatu dira, horrela, «adin guztietako herritarrentzako» egitaraua osatzen: «Aldaketa igandean izanen da, pilota ondotik Menditarren kontzertua eta pintxoak izanen ditugu, eta bestak finitzeko zozketa bat eginen da». Haurrentzako ekitaldi bat ere berreskuratuko dute aurtengo bestetan: «Udalaren proposamenari baiezkoa eman eta herriko ttikienentzat herrian barna suzko zezenarekin itzulia eginen da». Egitarau betea dute bestek, eta «ez dago gauza gehiago gehitzeko aukerarik!». 

Herri osoa lanean

Urtarrilean hasi ziren bestak antolatzeko lanetan, eta besta egunetan ere komisioko kideek egin beharreko aunitz izanen dituzte: «Aitzineko egunetan gauza guztiak ongi prestatu, musika taldeen arduratu, txosna kudeatu, antolatutako dena behar den bezala doala ziurtatu... Azken finean gu gara arduradunak». Egiteko horiek denak egiteko, ordea, txandak egiten dituzte herriko gazteen artean: «Nahiz eta herriko bestetan besta egitea denei gustatzen zaigun, lana bada eta ez gutti!».

Gazteak bakarrik ez, herritar guztien inplikazioa behar izaten da bestak egiteko, eta alde horretatik eskertua dago urdazubiarra: «Orokorrean bestetan gazteek lan egiten dugu, baina beti bada laguntzeko prest dagoen herriko jendea eta aunitz eskertzen dugu». Bestetan bakarrik ez, aitzineko egunetan ere izaten dute laguntza, karpa muntatzen adibidez: «Laguntza guztia ongi etorri izaten da!». 

Bestetan gozatzeko prest dago Janire eta egun guztiek «momentu politak» dituzten arren, larunbata, zikiro jate eguna du gustukoena: «Eguerditik plazan izaten den giroa, txaranga, xingar bokatak, kontzertuak... Egun espezialena dela erranen nuke, herri ia guztia elkartzen da plazan eta giro xarmanta izaten dugu egun guztian!». 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun