Info gida 2026

«Lezeak modu ludiko eta dinamikoan deskubritzea da bisiten helburua»

Ttipi-Ttapa 2026ko apirilaren 28a

Sarako lezeetan familia guztiarendako bisita gidatuak egiten hasi da Joanes Etxebeste 'Pontx' pailazoa: «duela urtebete pasa atera zen ideia, eta Euskal Hirigune Elkargoarekin eta Herriko Etxearen laguntzarekin sortu genuen bisita. Saiakera batzuk egin genituen urrian eta abenduan, eta Pazko astean hasi gara bisitak egiten. Arrakasta handia ukan dute; talde guziak bete dira eta Euskal Herri osoko jendea hurbildu da. Etorri ez direnek ere izanen dute ikusteko aukera aitzinerago».

Bisitaren helburua lezeak deskubritzea da, «modu ludikoan, dinamikoan eta noski, euskaraz. Bisita klasiko baten informazioa du, baina modu desberdinean: jolasak, txontxongiloak, truko magikoak…». 50 minutuko iraupena du eta 5 urtetik goitiko haur eta familiei zuzendua dago: «mamia ulertu behar da, lekua iluna da eta bisitaria ibiltaria denez, leku batetik bertzera ibiltzeko gaitasuna behar da, hortaz diogu 5 urtetik aurrera».

Bisitaren ondotik «tartea hartzen dut familiekin elkartzeko, argazkiak ateratzeko, hitz egiteko… haurrak biziki kontent egoten dira baina gurasoak ere hurbiltzen zaizkit, erranez umeentzako bisita izateko haiek ere gauza pila bat ikasi dituztela. Haur eta gurasoek zerbait ateratzen badute bisita horretatik, ni pozik».

Geroari begira «agenda oraindik ez da hetsia, baina eskolentzako data batzuk irekiak ditugu eta urtean zehar bertze bisitariei ere eskaintzen jarraitzeko asmoa dugu». Informazioa eskuragarri egonen da horkonpontx.eus eta Sarako Lezeen webgunean eta sare sozialetan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun