Joan den irailean Hostoz hosto proiektua abiatu zuten Joanes Etxebeste herritarrarekin, «Saran euskarazko irakurketa sustatzeko» helburuarekin. Herriko hiru eskoletan eta haurtzaindegian ipuinak eta jokoak banatu dituzte; «Genevieven laguntzarekin aritu gara, ipuin zakuak, panpinak eta tapizak egin ditu irakurtzeaz gain jostatu ahal izateko. Gainera, kantuak, ipuin kontaketak eta animazioak egin ditugu, denak euskara hutsean».
Proiektua borobiltzeko, gaur egun osoko jardunaldia prestatu dute Omordia aretoan. «Goizean bi animazio motz izanen dira ttikienendako, eta arratsaldean Joanesek animazio sorpresa handi bat prestatu du lehenbiziko mailakoendako. 200 haur pasa izanen dira guztira eta euskaraz irakurtzeko benetako gogoa sortu nahi diegu. Sinesten genuen bezala egin dugu proiektua eta horrekin bukatuko dugu».