Martxoaren 15ean eta 22an iraganen dira Ipar Euskal Herrian herriko bozak

Ttipi-Ttapa 2025eko abuztuaren 31

Frantziako Gobernuak aste honetan jakinarazi du zer egunetan eginen dituzten Ipar Euskal Herriko herriko bozak. 2026ko martxoaren 15ean eginen dute lehen itzulia eta martxoaren 22an bigarrena.

TTIPI-TTAPAren eremuan, Saran eta Senperen izanen dituzte herriko hautetsiak hautatzeko egunak. Sei urtetik behin egiten dituzte bozak Ipar Euskal Herrian, eta hala, azkenak 2020an egin zituzten, pandemia betean, nahiz eta, 2023an Senperen berriz egin behar izan zituzten.

Saran Battitte Laborde auzapez

Saran, bigarren itzuliaren beharrik izan gabe, lehen itzulian erabakia gelditu zen nork osatuko zuten Herriko Kontseilua. Battit Laborderen Zergatik ez taldeak bozen % 73 ukan zituen: jokoan zeuden 23 hautetsietatik 20 eskuratu zituen eta Ellande Alfaro buru zuen Har Hitza taldeak bozen % 26 eskuratuta hiru hautetsi. Urte hartako maiatzaren 26an osatu zuten Sarako Herriko Etxeko kontseilu berria.  

 

Senperen bi aldiz herriko bozak

Senperen, kontuak ez ziren argi gelditu 2020ko bozen lehen itzulian. Ordura arte auzapez izandako Pierre-Marie Nosubaumen Agir Autrement pour St Pee (Egin Senpererentzat) taldea izan zen boz gehien bildu zituena, baina 21 bozeko aldea baino ez zion atera Dominique Idiart buru zuen Elgarrekin taldeari. Hirugarren indarra Jean-François Bederederen Senpere Bai talde abertzalea izan zen, 474 bozekin. Tartean, ordea, pandemia sartu zen eta azkenean, ereiaroaren 28ra gibelatu behar izan zuten bigarren itzulia.

Bigarren itzuliaren ondotik, Dominique Idiartek hartu zuen agintaritza, Bederederen zerrenda abertzalearekin aliantza egin ondotik. Elgarrekin Senpere eta Senpere Bai taldeak elkartuta aurkeztu ziren, talde abertzaleko bortz kide Elgarrekin Senpere taldearen zerrendan sartuz. Eta aliantza horrek lortu zituen bigarren itzulian boz gehien eta beraz, jokoan zeuden 29 hautetsietatik 22. Bozen % 51 eskuratu zituen eta % 49 Nousbaumen alderdiak, nahiz eta honek ere lehenbiziko itzulian baino 397 boz gehiago eskuratu bigarrenean.

Senpereko kasuak oihartzuna izaten segitu zuen. 2022ko urrian Herriko Etxeko bortz hautetsik kargua uztea erabaki baitzuten Dominique Idiart auzapezarekin desadostasunak zituztelako. Eta ondotik Senpere Bai taldeko bortz hautetsik dimititu zuten, eta oposizioko zazpiek segidan. Alegia, 29 hautetsietatik hamazazpik dimisioa aurkeztu zuten eta berriz egin behar izan zituzten herriko bozak, kargualdi erdian.

Bernard Elhorga auzapez

2023ko otsailean iragan ziren berriz herriko bozak Senperen, eta hiru zerrenda agertu ziren: Elgarrekin (Dominique Idiart buru zuela), Hats Berri talde berria (Christophe Jauregi buru zuela) eta Agir Autrement pour St Pee –Egin Senpererentzat– (Bernard Elhorga buru zuela).

Bigarren boz horietan, bigarren itzulian erabakia gelditu zen nor izanen zen Senpereko auzapez berria: Bernard Elhorga. Elhorga buru zuen eskuin zentroko Egin Senpererentzat taldeak 1.333 boz bildu zituen (lehen itzulian 1.115 atera zituen). Bigarren Christophe Jauregi buru zuen Hats Berri gelditu zen 1.233 bozekin (lehen itzulian 1.080 atera zituen); eta hirugarren Dominique Idiart azken auzapezaren Elgarrekin Senpererentzat taldea 886 bozekin (lehen itzulian 891 atera zituen).

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun