Sortzez Antiguakoa (Donostia) da Kepa Zubiaurre Santiago, baina urte mordoxka daramatza Zugarramurdin bizitzen. Gaur egun, Iparraldeko gasnategi batean egiten du lan, «etxetik ordu erdira», baina lehenagotik sukaldaritzan eta kamioilari ibilitakoa da. «OHO edo EGB finituta, urte batez sukaldaritza ikasi nuen eta 17 urterekin sukaldaritzan lanean hasi nintzen». Hiru bat urtez aritu omen zen lanbide horretan, tartean «urte bat eta piko Zugarramurdin sukaldari». Orduantxe ezagutu zuen gaur egun bere emaztea dena, eta Zugarramurdin osatu du habia.
19 urtez kamioilari
Sukaldaritza alde batera utzita, «kamioiko gidabaimena atera eta kamioilari» hasi zen eta «19 urtez» horixe izan zuen ogibide; duela lau urte lanez aldatzea erabaki zuen arte. Kamioilariarena lanbide «gogorra» delako eta «kokoteraino» finitu zuelako erran zuen aski: «Egunean 12-14 ordu pasatzen nituen lanean. Arcelor lantegitik burdina kargatu eta Gasteizera, Iruñera, Santanderrera, Burgosera, Zaragozara... joaten nintzen. Kasik Euskal Herri osoa eta Espainia pitta bat ezagutzeko aukera izan nuen, baina gainerakoan, egun osoa kanpoan ematen nuen eta lanetik kanpo ez nuen bizitzarik». Lanorduez gain, «estresa» aipatu du: «Beti telefonoari lotuta egoten nintzen, non nengoen, mugitzeko erranez, jateko denborarik gabe gaizki janez... Nire gorputza estresaren ondorioak sumatzen hasia zen». Bere hitzetan, «baldintzak ez dira onak».
Horregatik erabaki zuen lana utzi eta bertze baten bila hastea. Aitortu du erabakia hartzea «zaila» izan zela: «43-44 urte nituen, eta adin horretan lana uztea ez da erraza, eta familia baldin baduzu, oraino zailagoa». Horrekin batera, lana bilatzea «kosta» zitzaiola erran du: «Nafarroan hainbertze curriculum eman nituen, baina inork ez zidan deitu. Kamioiarekin aritzeko banuen aukera, baina ez nuen nahi. Gauza bera egiteko, ordura arte nintzen lekuan geldituko nintzen. Nik zortzi orduko lan bat nahi nuen, lantegi batean». Azkenean, lortu zuen, gasnategian, «hasmentan gasnak egiten, eta gerora, fabrika barnean kamioiarekin gasnak leku batetik bertzera eramaten». Ez da damutu hartutako bideaz; «aski kontent» dago: «Beti goizez ari naiz, zortzi orduz, eta etxetik hurbil. Arratsaldeak libre ditut, familiarekin egoteko edo nahi dudana egiteko. Ez du deus ikustekorik lehen nuen lanarekin». Etorkizunera begira, «momentuan momentukoari» erreparatzen badio ere, «lantoki honetan segitzen badut, aski ongi», gehitu du.
Agerian utzi du aldaketa onerako izan dela eta halako egoeran daudenei «pausoa emateko» gonbita egin die: «Zaila da, lana beharrezkoa da, baina bizitzan dena ez da lana. Gorputzak aldaketa behar duela erraten badizu, egin behar da».