Lanbide aldaketa

Bertze bide bat hartu duten herritarrak

Ttipi-Ttapa 2025eko abuztuaren 9a

Lekarozko Kortariko borda gasnategiann Irati Usandizaga eta Maddi Jimenez lanean.

Arrazoi batengatik edo bertzearengatik lana aldatu duten eskualdeko sei herritarren testigantzak bildu ditu TTIPI-TTAPAk. Ez da bakar bat bera ere urrikitu hartutako erabakiaz. Aldaketa onerako izan dela erran dute. Testigantzak gaur eta bihar argitaratuko ditu ERRAN.EUSen.

Gehienek aldaketa behar zuten, bertze batzuek bizitzak hala bideratuta egin dute aldaketa. Arrazoi bat edo bertze tarteko, denek aldatu dute lanez, batzuk buruari buelta batzuk eman ondotik, eta bertze batzuek aisago. Elkarrizketatu hauetako inor ere ez da urrikitu hartutako bideaz. Aldaketa onerako izan dela aipatu dute.

Sei testigantza

Leitzan bizi den Manu Leunda Dolado tolosarra, Joana Hernandorena Ibarra sunbildarra, Patricia Errandonea Astondoa beratarra, Zugarramurdin bizi den Antiguako Kepa Zubiaurre Santiago, Lekarozen bizi den Irati Usandizaga Garitaonandia oñatiarra eta Mari Albistur Huizi goizuetarra dira erreportaje honetako protagonistak, eta euren esperientzia kontatu diote TTIPI-TTAPAri. 

Mari Albistur Huizik, adibidez, hamahiru urte pasatu zituen fabrika batean lanean.Lana atsegin zuen, baina ama izan zenean, «alabekin ahalik eta denbora gehien pasatu nahi» zuelako, uztea erabaki zuen. Gaur egun, Goizuetan bertan, herriko denda batean lan egiten du, eta «gustura» dabil. Gainera, «oraingo lanari abantailak bakarrik ikusten dizkiot».

Irati Usandizaga Garitaonandiak, berriz, enpresa handi bateko bulegoko lana, Lekarozko Kortariko borda gasnategiko lanarekin ordezkatu zuen 2021ean. Bizitza pertsonalak hala bideratuta egin zuen aldaketa, berak dioenez, «modu naturalean», eta «arras gustura» dagoela eta lana «arras aberasgarria» dela aitortu du. Bere ustez, «zerbaitetan sinesten badugu, beti ere hankak lurrean, lortzen ahal da».

Sukaldaritzan hiru bat urtez ibili ondotik, hemeretzi urte pasatu zituen Kepa Zubiaurre Santiagok kamioilari. «Kokoteraino» finitu zuen, «ordu aunitz» pasatzen zituelako eta «estresatua» ibiltzen zelako. Gaur egun, Iparraldeko gasnategi batean aritzen da, eta aitortu duenez, «aski kontent» ari da: «Beti goizez, zortzi orduz eta etxetik hurbil. Lantoki honetan segitzen badut, aski ongi».

Hogei urtez bulegoko lanean aritu ondotik, 2020ko urrian amaren lekukoa hartzea erabaki zuen Patricia Errandonea Astondoak. Amak 1977an irekitako liburu dendan ari da geroztik, beretzat «bigarren etxea» izan denean.  «Autonomo izatea lotua eta gogorragoa» dela dioen arren, «gustura» dago eta ez da damutu. «Herriek bizirik segitzeko, zerbitzuen beharra» ere aldarrikatu du.

Lehen zuen lanbidearekin konparatuz, aski diferentea du gaur egun Joana Hernandorena Ibarrak. 23 urte pasatu zituen ardoaren munduan, eta gaur egun, bigarren hezkuntzan irakasle ari da. «Urteak joan eta urteak etorri, baldintzak okertzen eta frustrazioa areagotzen joan ziren, eta familia eta lana bateratzea zaila egiten zitzaidan». Horiek izan ziren lanez aldatzeko arrazoiak. Berriz ikasten hasi eta halaxe eman zuen pausoa.

Manu Leunda Dolado ere lan kontuetan aldaketa handia egindakoa da. Urte luzez gizarte langile izan zen Donostian, eta «gustukoa» zuen lana. Baina hainbat arrazoi tarteko, aldatzeko beharra sentitu zuen: «batetik, desgasteagatik, bestetik, maila pertsonalean nire bizitza aldatu zelako; eta horrez gain, beti izan dudalako aziendetarako grina». Gaur egun, Arro baserrian aritzen da, «morroi», eta «oso gustura» dabilela adierazi du.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun