Bestak 2025

«Azken urteetan adin guztietako jendea biltzen da Urdazubiko plazan»

Ttipi-Ttapa 2025ko mai. 26a, 14:30

Besta komisioko kidea da Jaurena eta gogotsu dago bestak hasteko.

Maialen JAURENA ETXART, Urdazubiko Besta komisioko kidea.

Maiatzaren 28an hasiko dira Urdazubiko bestak eta gogotsu eta prest dago Maialen Jaurena Etxart urdazubiarra. Besta komisioko kidea da eta hilabeteak daramatza herriko bestak antolatzen bertze lagun batzuekin batera.

Bestetarako gogotsu dago urdazubiarra: «Maiatzeko lehenengo asteburuan denen artean karpa jarri genuen, jende aunitz hurbildu zen laguntzera eta bestak ailegatzeko gogoa piztu zitzaidan halako giroa ikusita».

Ttikia zeneko besten oroitzapen politak ditu Jaurenak. Aski kontent ibiltzen zen, batez ere puzgarrietan arratsalde osoa lagunekin saltoka. Ongi oroitzen da bestetako lehen oroitzapenaz ere:« Ortzeguneko meza nagusiaren ondotik, txistulariak eta dantzariak izaten genituen plazan. Sarako Zazpiak Bat taldearekin aritzen nintzen dantzan, eta aperitifaren aitzinetik ateratzea berezia eta polita izaten zen», dio.

Herriko bestak prestatzeko lanetan

Bestak maiatz akabailan izanen badira ere, besta komisioko kideak aspalditik ari dira lanean. Bortz lagun ari dira horretan: «Aurten Lorena, Janire, Jokin, Andoni eta ni gaude komisioan», azaldu du. Normalean, bi urtez egoten dira komisioko kideak, eta boto bidez edo boluntarioki hautatzen da nor sartu. «Urte bukaeran hiru lagun aterako gara eta hiru berri sartu, eta ondoko urtean bertzeak biak atera eta bertze bi sartu». Bestak antolatzeko lehen urratsak urtarrilean izan zituzten, orduan hasi baitziren finkatzen aurtengo musika eskaintza. Gerora, lanak egin dituzte almazena konpontzeko eta maiatz hasmentan karpa muntatuta, egitaraua finkatzeaz bukatu eta azken lanak egiten ari dira orain.

Egitarau betea

Herriko bestak hastean, etxean denbora guti emanen du Jaurenak, egunero aterako baita karrikara. Prest du egunez egun eginen duena ere: «Asteazkenean txupinazoa eta herri afariarekin hasten ditut bestak; ortzegunean goizean meza eta aperitifa eta arratsaldean bertso poteoa eta paella jatea. Ortziralean egun guzia emanen dut plazan, goizean ontziak garbitzen hasi eta gaueko DJa ikusi arte; larunbatean zikiro jatea handia izaten da eta igandean pilota partidak». Aurten bereziki gogotsu dago igandean Ados Pilotako nesken partidak izanen baitira eta gogoa baitu ikustera joateko. Egunero besta giroa izanen bada ere, baina Jaurenarendako egunik bereziena larunbatekoa da sortzen den giroagatik, eta biltzen duen jende kopuruagatik ere.

Azken urteetan bestetan plazaren bueltan dagoen giroa aldatzen ari denaren ustea du Jaurenak: «Lehen ostatuan egoten zen jende gehiena eta plaza betea ikustea kotatzen zen. Azken urteetan, giro aski polita izaten da plazan, adin guztietako jendea elkarrekin eta herria geroz eta elkartuago. Harro egoteko moduko herria dugu!».

Urdazubiko herritarrei zein kanpotarrei azken mezu bat zabaldu die Jaurenak: «Bestak giro onean eta arazorik gabe pasatzeko ahalegina eginen dugu, eta espero dugu erasorik gabekoak izatea»

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun