Euskaraldia

Mitogaua izanen dute larunbatean Sarako lezeetan

Ttipi-Ttapa 2025ko mai. 20a, 15:30

Anuntxi Arana antropologoaren solasaldiarekin abiatuko da gaualdi berezia.

Euskaraldiaren baitan antolatu dute euskal mito, erritu eta sinesmenen inguruko gaualdia berezia

Euskal mito, erritu eta sinismenen inguruko Mitogaua gaualdi berezia antolatu dute maiatzaren 24an, larunbatean, Sarako lezeetan, «gure arbasoentzat sakratua eta beldurgarria den gunean». Euskaraldiaren baitan eginen dute ekitaldia, euskaraz eta frantsesez, lagun artean euskara adierazteko edo gozatzeko aukera eskainiz.

Gaualdia gure arbasoen unibertsoan murgiltzeko bi aurkezpenekin irekiko da, aitzinsolas bikaina, ondoren, iluntzean, Irati filma osoki estimatzen lagunduko dutenak.

Larunbatean 18:00etan, Anuntxi Aranak Euskaldun fededun… Baina zein fede? solasaldia emanen du euskaraz, frantsesezko bat-bateko itzulpenarekin. Euskal mitologiaren biziraupenaz mendeetan zehar arituko da, erlijio nagusiei begira.

19:30ean, megalitoen zale amorratua den Philippe Laplacek, hauen misterioak aztertuko ditu. Trikuharrien, menhirren eta harrespilen kokapenak eta sinboloak argitzen saiatuko da, geologiaren ekarpenak kontuan hartuz. Saioa frantsesez eginen du, euskarazko bat-bateko itzulpenarekin. Saioa erakustaldi praktiko batekin luzatuko da, tokian bertan, eta ur-bilatzaileak erabiliko dituzte.

Iluntzean, lezearen parean, euskal mitologiaren munduan murgilduko dira, Paul Urkijoren Irati film arrakastatsuaren aire zabaleko proiekzioari esker. Emanaldia euskaraz izanen da, frantsesezko azpitituluekin.

Gaualdia urririk izanen da, baina aitzinetik izena eman behar da Sarako lezeen webgunean, leku mugatuak direlako. Jatekoa eta edatekoa ere izanen da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun