Egun bereziak
Egun ugariko ospakizuna da ihauteria Senperen. «Ihauteri eguna baino lehen, etxez etxe ibiltzen gara hiru-lau asteburuz, astebururo auzo desberdinetatik pasatuz. Herri haundia da eta ezin dugu dena egin, baina saiatzen gara auzo haundienetatik pasatzen. Aurretik egitarau ttiki bat antolatzen dugu, nondik eta noiz pasatuko garen jakiteko. Familia batzuk badute usaia aurretik hitzordua finkatzeko, eta gehienetan badakigu luzez egonen garela eta biziki ongi errezibituak izanen garela». Egun horietan «dantzak eta kantuak egiten ditugu, eta paperak banatzen ditugu ihauteri eguna eta egitaraua jakinarazteko».
Ihauteri eguna «guk antolatzen dugu, Herriko Etxearen laguntzarekin. Goizean haurrentzat zerbait antolatzen entseatzen gara; aurten mozorro lehiaketa proposatu dugu, eta bixkotxak eskainiko ditugu. Gero bazkaria izaten da, ehun bat lagunentzat, eta ondotik animazioak hasten dira… euskal dantzak, desfilea, auzia, kontzertuak… aurten mozorro lehiaketa antolatu dugu helduentzat ere, jeloskorrik ez!». Gainera, «arratsaldean Zirikolatzek eta ikastolak matahamiak eta taloak saltzen dituzte».
Giro lasaia eta alaia
Azaldu duenez, «ttikitan Azkaingo ihauteriak egiten nituen, hango eskolan nintzelako. 15-16 urterekin hasi nintzen Senpereko ihauteriak egiten». Desfilekoak dira bere lehenbiziko oroitzapenak, «eta zinez, hartzaz beldur nintzen. Lasterka aritzen nintzen beti nire gibeletik etortzen zelarik. Oroitzen naiz behin edukiontzian sartu zela eta barnean blokeatua gelditu zela!».
17-18 urte zituela hasi zen zakuzaharrekin ateratzen; «Zirikolatzen txistua jotzen nuen eta taldeko neskak elkartzen ziren, eta txistua jotzen parte hartzeko proposatu zidaten. Horrela hasi nintzen».
Esperientzia «biziki aberatsa» dela azaldu du; «giro lasaia eta alaia izaten da, eta kontent egoten gara astebururo elkartzeaz. Senpertarrengana joaten gara eta ze plazerra haiekin mintzatzea eta gure kultura biziaraztea! Lau asteburu pasatzen ditugu, gure herrian kantatzen, mintzatzen, jaten, edaten eta irri egiten! Zer hobe? Senpereko belaunaldi guziak leku batean biltzea da gure plazerra, elkarrekin udaberriaren hastapena ospatzen dugu, gauza txarrak ahantzi eta denon artean besta egiten dugu».
Antolaketa lanetan
Baina besta egin aitzinetik, dena prestatu behar da. Hori dela eta, Zakuzaharrak elkartean sartu zen Elorri, «eta gaur egun lehendakaria naiz, Uhainarekin batera. Bilkurak antolatzea, paperak betetzea eta kideen artean lanak banatzea da gure lana, eta ihauterien egunetan, zerbait gertatzen bada, guk dugu ardura».
Aitortu duenez, «lan pixka bat bada, irailean hasten baikara. Lehenbiziko etapa Herriko Etxearekin harremanetan sartzea da, data, materiala, baimenak eta dirulaguntza adosteko. Gero, gure aldetik, taldeak sortu behar ditugu, bazkaria antolatu, lanen banaketak egin eta usaian parte hartzen duten elkarteei deitu. Denbora hartzen du, baina lana ongi partekatzen dugu kideen artean eta noizbehinka bilana egiteko elkartzen gara».
Etorkizunera begira
Aurten ere ateratzeko asmoa du, «eta ihauteri zein etxez etxeko egun ederrak izatea espero dut, giro politarekin, azken urteetan bezala; senpertarrek momentu ona pasatzea espero dut. Niri bazkaria eta desfila gustatzen zaizkit gehien. Bazkaria aski momentu lasai da, ez da jende anitzik eta denen artean hitz egiten ahal dugu. Desfilea momentu berezia da, haurren momentua delako. Denok dugu horren oroitzapenen bat: hartzaren zozokeria bat, joaldunen harrabotsa, ziganteen dantzak… eta bukaeran denek, zahar eta gazte, Zan Pantzarren auzia itxoiten dute, jakiteko zer errana izanen den. Ene ustez, herritarrentzat, momentu biziki inportantea da».
Etorkizunera begira, «lehendakaritza laster utziko dut, datorren urtean edo bi urteren buruan. Espero dut elkartea ongi portatzea eta gazteek motibatuak segitzea! Egia errateko, lasaiki utziko dut; elkartearen funtzionamendua ezagutzen dute, motibatuak eta elkarren artean momentu onak pasatzen dituzte.