Beraien ekintzaren ondorioz Senpereko bi iragarki taulak kendu dituztela jakinarazi du Bizi mugimenduak

Ttipi-Ttapa 2025ko ots. 3a, 17:00

Biziren ekintzaren ondotik kendu dituzte Amotzeko zubiaren ondoko eta Amotzeko eskolaren aitzineko iragarki taulak.

Berrikitan, Bizi mugimenduak ekintza bat egin zuen Senpereko Xerrendako zubiko geltokian den iragarki taularen presentzia gaitzesteko. Honen bitartez, Bizikoek salatu zuten Herriko-etxeak izenpetu duen kontratu berria, hamabi urterendako taulen kopurua handitzen zuena eta, aldi berean, toki horretako taula baita Amotzeko eskolakoa ere, legez kanpo direlakotz gaurko araudieri begira. Alabainan, D918 errepidearen hego aldean debekatua baitago eta gainera monumentu historiko batetik hurbilegi (Xerrendako zubi zaharra). Ekintzak ondorioak eman ditu, bi iragarki panel horiek desmuntatuak izan baitira.

Bizi elkarteak begi onez ikusten du Senpereko herrian legez kanpoko iragarki taulak hain  laster kentzea. Elkartea  ostiral honetan, urtarrilaren 31n, ohartu da bertatik pasatzean, iragarki taulak kenduak izan zirela Amotzeko zubiaren ondoan eta Amotzeko eskolaren aitzinean, urtarrilaren 27an, astelehenarekin, burutu ekintzatik lau egun baino gutiagotara. Bizik bere ekintzaren bidez agerian utzi zuen iragarki taula horiek publizitatea debekatua den "gune sailkatu" batean emanak izan zirela.

Bizirentzat, «publizitatea, gehiegizko kontsumoaren ideologia zabaltzeko tresna nagusia da. Tresna horrek hazkuntza materiala, baliabideen xahutzea eta klima-aldaketaren erantzule diren gero eta berotegi-efektuko gas gehiagoren isurtzea elikatzen du». Elkartearen ustez, elikadurari, garraioari, klimari eta osagarriari dagokionez, «publizitate mezuek Euskal Elkargoko helburuen kontrako bizimoldeak hartzera bultzatzen gaituzte».

Publizitatearen gai honi buruz preseski,  bilkura publikoak antolatuak dira Eukal Elkargoaren ekimenez jendek gogoeta dezaten zer araudi eraiki behar litekeen (RLPI).

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun