Senpereko publizitate kontratu berria salatu du Bizik eta «legez kanpoko» iragarki taula itsutu du

Ttipi-Ttapa 2025ko urt. 29a, 09:00

Biziren ustez legez kanpokoa den iragarki taula itsutu zuten astelehenean Senperen eta gaur Baionan hasi eta hainbat herritan eginen diren bilkuretan parte hartzera deitu dute.

Gaur Baionan hasi eta hainbat herritan Euskal Elkargoak deitu dituen bilkuretan parte hartzeko deia egin du

Bizi elkarteak Senpereko herrian den iragarki taula bat gaitzetsi du. Bizik taula horiek publizitatea debekatua den guneetan ezartzen direla agerian utzi du. Bertzalde, herriarteko tokiko publizitate araudia (hTPA) landua izaiten ari den prozesuaren garaian, Senpereko Herriko Etxeak,  izenpetu berri du,  ondoko 12 urteetarako iragarkien kopurua handitzeko kontratu berria. Bizik herritarrak gomitatzen ditu urtarrilaren 29tik otsailaren 13ra Euskal Elkargoak antolatzen dituen bilkura publikoetara joatea bertan publizitatearen murrizte handia galdatzeko.  

Biziko ekintzaileek iragarki taula bat itsutu dute Senpere herrian. Taula ireki eta barnean zen iragarkia aldatu eta gero, belaki hedagarria erabiliz tapatu dute taula irekitzeko mekanismoa, erabilera trabatzeko. Elkartearen erranetan, Amotzeko zubia gunetik hurbil den taula hori legez kanpokoa da bi arrazoiengatik.

Hiri-altzari hau D918tik hegoaldeko herriko eremu osoa hartzen duen “gune sailkatu” gisa izendatua den eremuan da. Alta, Estatu Mailako Publizitate Araudiak eremu mota honetan edozein publizitateren presentzia debekatzen du. Gainera, monumentu historiko batetik 500 metro baino gutiagotan da, eta hori legez kanpokoa dela frogatzeko bertze arrazoi bat da.

Elkarteak adierazi du herriko beste iragarki batzuk Amotzeko eskolaren parean den bidaia-aterpekoak, ber maneran, sailkaturiko gune batean direla eta, beraz, legez kanpokoak direla.

hTPA landua izaten ari den garaian,  Herriko Etxea 12 urtez 28 publizitate euskarrirentzat (16 informazio altzarietan eta 12 bidaiariendako aterpeetan) engaiatzen duen eta 2024ko azaroaren 1ean hasia den hiri-altzarien kontratuaren sinatzeaz ere sumindu da elkartea. Kontratu honek publizitatearentzat 28 agertze gune baimentzen ditu, aitzineko 22en ordez.

«Eztabaida demokratikoa saihestu dute»

Baina elkarteak salatu du, batez ere, kontratu hau, egoeraren ezagutza osoz, Euskal Elkargoaren eremu osoan publizitate-arau berria  (hTPA) lantzeko prozesuan berean sinatu zela. «Senpereko hautetsiek plantan den eztabaida demokratikoa saihestu dute eta lehenik egin, eta gero aipatu egoera lehenetsi dute. Senpere Herriko Etxea kontratu pean diren eta  araudi ez behartzailea edo lazoaren alde bultzatzen ari diren bederatzi herrietarikoa da. Babesleagoa den araudiaren aldeko borondate politikoa Euskal Elkargoak hainbat aldiz baieztatu badu ere, Herriko Etxe hauek, normalean babestuak diren guneetan publizitatea berriz ezartzea ahalbidetuko duen salbuespenezko araudia nahi dute» azaldu du Lilas Dinclaux Biziko bozeramaileak.

Kontratu honen sinatzea are onartezinagoa da, Bizi! kide den, Publizitatea Geldi Euskal Herri eta Aturri aldeko kolektiboak, paperezko gutun bat eta bi mezu elektroniko bidali zituelako 2023 bukaeran espresuki eskatuz Euskal Elkargoko 158 Herriko Etxeei prozesu demokratikoa errespetatzea eta hTPAren lantzean kontratu berririk ez sinatzea.  

Bizik legez kanpoko iragarkiak kentzeko eta gaur egun landua izaten ari den Euskal Elkargoko araudiaren zinezko anbizio handiko neurrien ez trabatzea galdatzen Herriko Etxeari.

 

Zortzi biltzar publiko

Zortzi biltzar publiko iraganen dira urtarrilaren 29tik, Baionatik, otsailaren 13ra, Bidaxunera, herritarrak informatzeko eta publizitate arauei buruzko iritziak biltzeko.

  • Urtarrilaren 29an, asteazkenarekin, 18:30an, Baionan.
  • Urtarrilaren 30ean, ortzegunarekin, 18:30ean, Itsasun.
  • Otsailaren 3an, astelehenarekin, 18:30ean, Hazparnen.
  • Otsailaren 5ean, asteazkenarekin, 18:30ean, Iholdin.
  • Otsailaren 5ean, asteazkenarekin, 18:30ean, Maulen.
  • Otsailaren 6an, ortzegunarekin, 18:30ean, Lehuntzen.
  • Otsailaren 12an, asteazkenarekin, 18:30ean, Urruñan.
  • Otsailaren 13an, ortzegunarekin, 18:30ean, Bidaxunen.

Bizik herritarrei dei egin die bertara joateko publizitatea murriztea galdatzera eta, hautetsiei, adierazi asmo handinahiak errespetatuz, koherenteak izan daitezen galdatzera.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun