Lehen itzulian Saran ezkerreko aliantza nagusi eta Senperen guttigatik eskuin muturra

Ttipi-Ttapa 2024ko uzt. 1a, 10:00

Fronte Herritar Berria izan da nagusi Ipar Euskal Herrian. Irudian Peio Dufau hautagaia mikrofono aitzinean. Argazkia: EH Bai.

Frantziako Asanblearako bozen lehen itzulia iragan zen atzo Ipar Euskal Herrian. Ipar Euskal Herriko hiru barrutietan ezkerreko aliantza den Fronte Popular Berria izan da garaile. Udalerriz udalerri, halaxe izan da Saran ere. Senperen, berriz, ezkerreko aliantzari bortz bozeko aldea aterata, eskuin muturreko Batasun Nazionalak irabazi du. Igandean izanen dute bigarren itzulia.

Saran Dufau nagusi

Saran Fronte Herritar Berriko Peio Dufauren hautagaitza izan da bozik gehien bildu dituena, % 32,39 lortuta, eta Macronen Ensemble aliantzako Christian Deveze izan da bigarren indarra bozen % 23,55ekin. Eskuin muturreko Batasun Nazionaleko Victor Lastecoueres hirugarren bozkatuena izan da, bozen % 20,16 bilduta. 

Gainerakoan, Frantziako Asanblearako bozak parte hartze baxukoak izaten dira, baina aldi honetan, 2022ko emaitzekin konparatuz, parte hartzea igo egin da. Saran hamarretik ia zazpi hurbildu dira lehen itzulian boza ematera, 2022ko bozen lehen itzulian baino % 15,75 gehiago.

Errolda 2.116
Boto emaileak 1.434
Abstentzioa  %32,23 
Baliogabeak 20 (%1,39)
Zuriak 37 (%2,58)
 
Senperen eskuin muturra nagusi guttigatik

RN Batasun Nazionalak emaitza onak ukan ditu, eta Senperen, boz gehien bildu dituen hautagaia eskuin muturreko Victor Lastecoueres izan da, bozen % 28,79rekin. Hala ere, alde ttikia atera dio bigarren izan den Peio Dufauren ezkerreko aliantzari, bortz boz baino ez. Dufaurentzat izan dira bozen % 28,66. Hirugarren indarra, berriz, Macronen Ensemble taldeko Christian Deveze izan da (% 20,48).

Senperen ere parte hartzeak goiti egin du. 2022ko bozetan, lehen itzulian % 49,06koa izan zen parte hartzea eta aldi honetan, % 70,28koa; beraz, 21 puntu beheititu da abstentzioa.

Errolda 5.605
Boto emaileak 3.939
Abstentzioa % 29,72 
Baliogabeak 38 (%0,96)
Zuriak 78 (%1,98)
 
Bigarren itzulia igandean

Seigarren barrutian daude Sara eta Senpere eta barruti horretan hiru hautagaik lortu dute igandean, uztailaren 7an, iraganen den bigarren itzulira pasatzea: Peio Dufau (Fronte Herritar Berria, ezkerreko aliantza), Christian Deveze (Macronen Ensemble aliantza) eta Victor Lastecoueres (eskuin muturreko Batasun Nazionala).

Ikusi hemen 2022ko bozen emaitzak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun