Info gida 2024

«Aurten 100 urte eginen ditu Larhungo trenak eta besta berezia prestatzen ari gara»

Ttipi-Ttapa 2024ko eka. 8a, 10:00

Ekainaren 30ean 100 urte izanen dira Larhungo trenak lehenbiziko igoera egin zuenetik. Urteurrena ospatzeko, asteburu horretarako ekitaldi berezia prestatzen ari direla azaldu du Yenofa Zubiri bertako langileak: «erakusketa historikoa paratuko dugu behereko geltokian, eta igandean besta eguna izanen dugu gailurrean; musika, dantza, bertsoak, animazioak… egitaraua ekainaren 17an aterako dugu, eta egun berezia izanen da».

Iaz bukatu zituzten trenbidea konpontzeko lanak, hala ere, «trenak hastapenekoak dira, duela 100 urtekoak. Hetsia dagoen denboraldian mantentze lanak egiten ditugu urtero, baina ez dira aldatu». Beraz, aurten urtero bezala abiatu dute denboraldia, eta azaroaren 3ra arte egonen da irekia.

Baina hori ez da berritasun bakarra; «audioz gidatutako bisita bat prestatu dugu, urririk. Hainbat lekutan paratutako QR kodigoen bidez, trenaren eta mendiaren historia, fauna, flora, langileen zereginak… aditzeko aukera izanen da lau hizkuntzatan».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun