Bestak 2024

«Larunbateko zikiroan sortzen den giro berezia nabarmenduko nuke»

Ttipi-Ttapa 2024ko mai. 7a, 12:00

Gauzak jakina da bestaz gozatu ahal izateko norbaitek aitzinetik lana egin behar duela. Aurten, Andoniri egokitu zaio antolakuntza lanetan aritzea: «aurten sartu naiz bestetako komisioan eta bertan bortz herritar gaude». Inauterietan egin zituzten beroketa lanak eta egun gutxiren buruan helduko zaie urteko lanik potoloena: «herrian egiten diren ekitaldi gehienetan lagundu eta parte hartzen dugu, baina gure ardura dira inauterien eta besten antolakuntza».

Guztia tenorez prestatzeko, aspaldi hasi ziren lanean: «astero edo bi astetik behin elkartzen gara komisioko kideak. Denen artean joaten gara egitaraua osatzen, xehetasunak adosten eta behar diren gauzak eskatzen...».  Azken hitza, ordea, ez da beraiena bakarrik eta herriko bertze gazteekin elkarlanean aritzen dira: «gauzak pixka bat lotuak ditugularik bertze gazteekin elkartzen gara. Hartu ditugun erabakien berri eman eta gauza batzuk denon artean aukeratzen ditugu».

Bortz egunez besta
Bestak borobilak izateko, herritarren parte-hartzea da gakoa eta uste du Urdazubiko bestetan, giro ona eta besta gogoa ez direla falta izaten: «kanpotik jende gehiago hurbiltzea, hori da faltan botatzen dudana».

Bestetako egitaraua eskuetan hartuta, Andonik aitortu du ez duela ekitaldi bakar bat ere galtzen: «lehenengo egunean txupinazoa izaten da eta ezkila jotzea. Hor laguntzen egoten naiz, gero lagunekin pote batzuk hartzen ditugu eta gaua afari batekin bukatzen dugu». Biharamunean meza nagusia izaten dute herrian eta «ondotik aperitifa hartzen dugu herriko plazan». Mahaiaren bueltan biltzen dira gero eta «paella jatearen ondotik, herriko plazan egiten dugu besta».

Astebururako indarrak zertxobait gorde behar izaten ditu, elkarren segidan heldu direlako egunik berezienak: «ortziralean kontzertu gaua izaten dugu eta bertan ibiltzen naiz lagunekin kantuan eta dantzan». Larunbatean zikiro jatea izaten dute eta hori da gehien maite duen ekitaldia: «ekitaldi guztien artetik, larunbateko zikiro jatean sortzen den giro berezia narmenduko nuke. Txaranga batekin ibiltzen gara ostatuz ostatu eta gaua kontzertu batekin bukatzen dugu herriko plazan». Igandean erretzen ditu azkeneko kartutxoak: «pilota partida izaten dugu herriko frontoian eta gero, bestei bukaera emateko, herriko plazan egiten den zozketan parte hartu eta pintxoak jaten ditugu».

Maiatzaren 8an hasi eta 12an bukatzen dira Urdazubiko bestak eta bortz egunez luzatzen den maratoi batekin parekatuko lituzke norbaitek. Ez zaio gaizki etorriko, beraz, kirolerako duen afizioa: «korrika egitea, frontoiko kirolak, mendia... gustuko ditut». Datozen egunetan, mendi gailurrak eta lasterketak alde batera utzi eta goizaldeko ordu ttikiak arte jokatuko ditu Andonik eguneko partidak. Kale edo bale, biharamunean neurtuko dute, gau horretan nor irten den garaile.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun