Udal zinegotzia izandakoa da eta karguak alde batera utzi baditu ere: «ahal dudanean, jendea laguntzeko prest izaten naiz». Maite du bere herria eta «herri ttikia, baina historia handikoa» dela nabarmendu du. Urdazubik kokapen geografiko berezia duela ere azaldu du: «mendi artean eta itsasotik hurbil. Mugan dago, nahiz eta guretzat mugarik ez izan». Herri bizi da eta horren erakusle da: «ostatu eta jatetxe aunitz badirela. Artisau eta tokiko produktuak saltzen dituzten dendak falta dira nire ustez». Nostalgia puntu batetik egin du, akaso, aipamen hau: herriguneko azken dendaria izan baita Anaxtaxi.
Hainbat afizio
Ugarana Emakume Elkarteko kidea da: «stretching eta yogako kurtsoetara aski kontent gaten naiz». Inoiz ez omen da berandu eta afizio berriei lotzeko aukera ere eman dio erretiroa hartu izanak: «pianoa jotzen ikasten ari naiz Senperen. Laket dut, mendian eta bizikletan ibiltzea ere, baina niretzat afizio handiena jostea eta trikotatzea da. Denbora librean bilobei trikotak eta jantziak egiten dizkiet».
Bere afizioa besteei erakusten ere ibili izan da: «garai batean josteko klaseak eman nituen Urdazubin». Jostorratz eta hari artean, bestelako puntadak ere eman zituzten han bildutako emakumeek: «emakumeen artean sare moduko bat osatzen joan ginen». Horregatik, duela 25 bat urte josteko klaseak uztea erabaki zuenean Ugarana elkartearen sortzaileetako bat izan zen. Urtez urte, taldea handitzen joan da eta gaur egun 72 kide dira elkartean: «azken urte hauetan motibatuak diren gazte batzuk sartu dira eta aski pozgarria da».
Talde bizia
Elkartearen xedea honakoa da: «emakumeei zuzendutako jarduerak antolatzea». Hala, hainbat ikastaro antolatzen dituzte urtean zehar: «Pilates, yoga, stretching eta zumba». Emakumearen eguna ere ospatzen dute eta aurten giro bikainean ibili direla nabarmendu du: «herriko gazte trikitilariekin dantza pixka bat egin genuen, kalejira ere egin genuen herritik barna eta aperitifa hartu». Azaroaren 25ean elkarretaratze bat ere egin zuten emakumeen aurkako indarkeria salatzeko eta noizbehinka bertze jarduera batzuk antolatzen dituzte: «maiatzaren 24an, adibidez, Virginia Imaz etorriko zaigu bakarrizketa bat eskaintzera».
Bestetan, ortziralean, bazkari bat ere antolatzen dute elkarteko kideek eta huts egin gabe, bertan izaten da urtero Anaxtaxi. Hala aipatu du bestak nola bizi dituen azaldu duenean: «ortzegunean mezara joaten naiz eta, ondoren, plazan izaten den aperitifara. Ortziralean, emakumeen elkarteak antolatutako bazkarian izaten naiz hutsik egin gabe eta larunbatean zikirora joaten naiz».
Herriko bestak bere horretan gustuko dituela aipatu du: «ez dut uste deus soberan edo faltan dutenik. Gazteek ahal dutena egiten dute, hoberena iruditzen zaiena eta eskertzekoa da egiten dutena». Hori bai, aldaketa nabaritu du giroan: «lehen iparraldeko jende aunitz etortzen zen bestetara, batez ere Ainhoatik, Senperetik eta Saratik. Oroitzen naiz ostatuan izugarrizko giroa sortzen zutela beraien kantuekin. Orain izaten diren kontrolekin, uste dut ez dutela arriskurik hartu nahi». Bertakoek hasi beharko dute, orduan, kantuan. Horretarako ere gatza eta piperra ez du Anaxtaxik ez du faltan.