Peio Martikorena Fundazioak, Nafarroa, Euskal Autonomia Elkartea eta Akitania Berriko hainbat erakunderen eta ikastetxeren laguntzaz sustatutako Baserriberri proiektua aurkeztu zuten martxoaren 22an Urdazubiko kultur etxean. Handik, Dantxarineko Tomaseneara hurbildu ziren, bertan abiatuko baita mugaz gaindiko formakuntza proiektua. Jabier Lekuona arkitektoak eman zuen bertan egin nahi dutenaren berri.
Peio Martikorena Fundazioa da Baserriberri proiektu honen taldeburua, eta Mugaz Gaindiko Lankidetza Programaren (POCTEFA) lehen deialdiaren barrenean finantzatua dago. Guztira 1.778.447 euroko aurrekontua izanen du eta horietatik 1.155.989 euro FEDER Europako funtsetik dator.
Baserriberrik zurgintzako mugaz gaindiko prestakuntza sortu nahi du, baserri tradizionalak zaharberritzeko, eta, aldi berean, prestakuntzan parte hartzen duten hiru lurraldeetako langabeak gizarteratzen laguntzeko metodologia garatu.