Baserriberri mugaz gaindiko zurgintza formakuntza proiektua aurkeztu dute Urdazubin

Ttipi-Ttapa 2024ko mar. 25a, 15:00

Peio Martikorena Fundazioko eta proiektuan laguntzaile izanen diren erakundeetako ordezkariak Urdazubiko kultur etxean martxoaren 22an egindako Baserriberri proiektuaren aurkezpenean.

Dantxarineko Tomasenea baserria zaharberrituz hasiko da Peio Martikorena Fundazioak sustatu eta hainbat erakunderen laguntza duen egitasmoa

Baserriberri proiektua, mugaz gaindiko proiektu berri bat, joan den ortziralean aurkeztu zuten Urdazubiko kultur etxean. Peio Martikorena Fundazioa da proiektu honen taldeburua, eta Mugaz Gaindiko Lankidetza Programaren (POCTEFA) lehen deialdiaren barrenean finantzatua dago.

Baserriberrik zurgintzako mugaz gaindiko prestakuntza sortu nahi du, baserri tradizionalak zaharberritzeko, eta, aldi berean, prestakuntzan parte hartzen duten hiru lurraldeetako langabeak gizarteratzen laguntzeko metodologia garatu.

Partaideak hauek dira: Peio Martikorena Fundazioa, Eusko Jaurlaritza (Lanbide Heziketako Sailburuordetza), Nafarroako Gobernua (Hezkuntza Departamentua), Oarsoaldea Garapen Agentzia, Federation Compagnonnique Regionale Pyrénées Atlantiques erakunde bazkide gisara eta Nafar Lansare eta Bidasoa, Easo Politeknikoa eta San Juan Donibane Lanbide Heziketa Institutuak erakunde elkartu gisa.

Ixabel Elizalde, Peio Martikorena Fundazioko zuzendariak, aurkezpenean aipatu zutenez, «hiru euskal lurraldeetako eragileak proiektu berean elkarturik, zubiak eraikiz, sozial eta kultura aldetik, zailtasunetan daudenei laguntza eskainiaz, betiko ofizioak indartuz, titulu akademiko homologatua helburu gisa, eta euskal lurraldeetako ondare bereizgarri bat berreskuratuz: baserria».

Izan ere, «Nafarroako, Euskadiko eta Iparraldeko mugek arazo larria dute eraikitako landa-ondarea zaintzeko. Baserri asko abandonatuta eta hondatuta daude. Arrazoiak askotarikoak dira: landa-ingurunea jendez hustea, nekazaritzako eta abeltzaintzako jarduera tradizionalak bertan behera uztea, zaharberritzeen kostu handia, etab. Egoera hori are larriagoa da eraikin mota horien zaharberritzeko ofizioetan espezializatutako profesionalen urritasunagatik eta belaunaldien arteko erreleburik ezagatik», adierazi zuen Elizaldek.

Tomasenea baserrian

Iñaki Ariztia Urdazubiko alkatearen ongi-etorri solasen ondotik, erakunde laguntzaileetako hainbat ordezkarik hartu zuten hitza Urdazubiko kultur etxean egindako aurkezpenean eta gero Dantxarinera jo zuten. Bertan zaharberrituko den Tomasenea baserria bisitatu zuten, Jabier Lekuona arkitektoaren eskutik. Lekuonak erran zuenez, «hasiera batean parke gisa planteatu zena erabat birgaitutako baserri bihurtuko da, harrera, tailerrak eta abar egiteko balioko duena. Baratzea eta sagarrondoak landatuko dituzte eta animaliak haziko dituzte. Baserria bizirik mantenduko dute eta bisitari guztien eskura dagoen lekua izanen da».

Jabier Lekuona arkitektoa azalpenak ematen Tomaseneko atarian.

Inguruko bi etxetan tailerra eta etxebizitza paratuko dituzte, lehen Baserriberri honen errehabilitazioa egin eta prestakuntzara joaten diren pertsonentzat.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun