Inauteriak 2024

Urtez urte aldatu diren ihauteriak umorez ospatu dituzte aurten ere Zugarramurdin

Ttipi-Ttapa 2024ko ots. 13a, 14:00

Zugarramurdiko gazteak larunbatean Lapitxeko-bordan.

Larunbatean gazteak ibili ziren, igandean pausa eguna izan zuten eta astelehenean eta asteartean haurren txanda izan zen

Denbora ez da lagun izan, baino hala ere ederki pasatu dituzte aurtengo ihautea Zugarramurdin. Larunbatean gazteak ibili ziren; igandea pausa eguna izan zen, eta astelehenean eta asteartean haurrek hartu zuten txanda. 

Haurrak elizako atean, inauterietako astelehenean.

Gure herrian aldaketa aunitz izan dute ihauteek, bai egunetan eta baita janzkeran ere.  Argazki zaharrean ageri direnak 1958 urte inguruko gazteak dira Bereko-bentan, Maddi etxeko-andrearekin: Bixkarreko Joxe, Luis eta Genaro; Sansineko Bixente eta Joxemari; Beretxeko Graziano eta Joxe Leon; Iriarteko Joxe. Orduan mutikoak bakarrik ibiltzen ziren, eta beraien janzkera dantzarien gisakoa zen: galtza txuri xingolatua eta kroskoilekin, ator txuria eta koloretako mokanes haundi bat lepoan, eta buruan kapelu gorri bat, hori ere kroskoilekin eta borla luze bat zintzilika. Ortzegun-gizen ospatzen zuten; gero igande arratsaldean plazan dantza izaten zen; astelehena eta asteartea eskean ematen zituzten, gero ilunabarrean berriz ere plazan dantza eginez.

1958 urte inguruko gazteak Bereko-bentan, Maddi etxeko-andrearekin: Bixkarreko Joxe, Luis eta Genaro; Sansineko Bixente eta Joxemari; Beretxeko Graziano eta Joxe Leon; Iriarteko Joxe.

Beranduago, urte batzuz ihautea herritik desagertuta egon zen, eta gazteak baserrietan ematen zituzten astelehena eta asteartea. 1976. urtean, orduan haurrak ziren batzuen ilusioaz, ihautea herrira bueltatu zen berriz. Barrantxeko atean, ezker-eskuin: Joxe Jabier, Axun, Koro, Andres, Juan Manuel, Pilar, Margari, eta Kristina. Igande arratsaldea bentetan ematen zuten, astelehenean bertze auzoak, eta asteartea herrian.

1976ko ihauterietan, Barrantxeko atean, ezker-eskuin: Joxe Jabier, Axun, Koro, Andres, Juan Manuel, Pilar, Margari, eta Kristina.

Gaur egun, gauzak aldatu dira eta gazteek larunbatean ospatzen dute ihautea, eta haurrak bakantzetan direnez, astelehenean eta asteartean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun