Noiz atera zinen lehenbizikoz eskean?
Orain dela 16 urte hasi nintzen eskean ibiltzen, bertze lagun batekin batera. Gazteenak ginen eta sekulako ongietorria egin ziguten.
Nola izaten da eskea?
Aski berezia da. Erremolke baten barnean joaten gara baserriz baserri, kanpoa edo bidea ikusi gabe, eta hor barnean sekulako giroa egoten da. Erremolketik atera eta mendi erdian gaude, bakarrik. Alimaleko kontrastea da.
Nola bizi dituzu inauteriak?
Ihautelarien gehiengoa gu baino gazteagoa da eta ederki pasatzen dugu. Nehoiz baino gehiago aritzen gara kantuan.
Zerk egiten ditu berezi Zugarramurdiko inauteriak?
Baserriek eta hango jendeak. Urtean zehar ez gara harat joaten eta eskertzekoa da zeinen ongi hartzen gaituzten.
Herritarrekin elkartzeko aitzakia da...
Maiz ikusten ez ditugunekin egoteko aukera ematen du, batez ere, herriko adinekoekin.
Trikitixarekin ere ibilitakoa zara...
Bai eta aski oroitzapen onak ditut. Beti erran dut, Zugarramurdiko ihauterietan bi nota jo eta segidan jendea animatzen zela dantzan eta kantuan, ez dut bertze nihun ikusi giroa hain fite sortzen.
Zein kanturekin lotzen dituzu inauteriak?
Arnosko bordan Zazpi jauzia, Mendiondoko bordan Pakito txokolateroa eta bidean, Brasil izeneko samba...
Baduzu oroitzapen berezirik?
Urte batez aski jende guti ginen eskean eta furgoneta baten gibeleko aldean sartu ginen denak. Herriko lehendabiziko malda igaten hasi orduko, hortxe gelditu zen furgoneta... Ez genuen berehalakoan bidea berriz hartu! Bertze behin sekulako elurra egin zuen eta ataskatuak gelditu ginen, etxe batean eskiak zituen bizikleta atera zuten! Bertze urte batez herritar baten lagun kataluinar dezente etorri ziren ardiz mozorratuta, gogoan dut garai haietan jende guti ibiltzen ginela eta erremolkean ardi kataluinarrez inguratuta egotearen oroitzapena dut kar-kar-kar. Bertzalde ihautelari aunitz ere galdu izan ditugu mendian, baina duela bi urte oriotar mendizale batzuk hartu genituen eta gurekin bestan segitu zuten, irringarria izan zen.
Mozorrotzeko ohitura duzu?
Lehen zerbaitetaz mozorrotzen nintzen. Azken urteetan lau trapu zahar janzten ditut. Bezperan konbinazio horteroak egiten ongi pasatzen dut.
Orain arteko bereziena?
Urte batez zerri hltzez mozorrotu ginen denok eta etxe batera eskean joan eta justu zerria hiltzen ari ziren! Antzerki aunitz egin genuen!
Gogorra izaten da ondorena?
Bai, mendiko eskearen biharamunean herriko haurrek ihauteriak ospatzen dituzte, baina ez dut aunitz erraten ahal horren inguruan. Normalki ez bainaiz joaten, trenpu eskasean egoten naiz. kar-kar-kar.