Etxean ikusitakotik sortu omen zitzaion ihauterietarako grina: «nire arreba zaharragoa ihauteri giro horretan ikusten nuen eta nik uste ordutik heldu zaidala afizioa». Hamasei urte bete zituenean, besta handiaren parte bihurtu zen bera ere: «orduan hasten gara eskean zaharren taldean ibiltzen».
Gerora, ihauteriak barrutik eta kanpotik ongi ezagutzeko aukera izan du eta orain «ihauteri zalea» izateaz gain, «antolatzaileetako bat» ere bada. Izan ere, inauterietan «denek denetarik» egiten duten arren, badira antolatzaileen esku gelditzen diren ardura batzuk: «ibilbide aldaketak, gosaria prestatzea, ttikiendako sorpresaren bat... eta arazo edo ezustekoren bat baldin bada, horri aurre egitea». Aurten badute berrikuntza: «ibilbide aldaketa bat egin dugu eta asteartean mozorrotuko gara Dantxarinean ibiltzeko».
Urtarril hasieran egin zuten antolakuntza taldekoek lehenbiziko bilera: «gure artean ideia orokor bat izateko eta ondoko astean ideiak trukatu genituen beste gazte guztiekin». Eta ez dira guti izaten: «Urdazubiko ihauteriek duten xarma, horixe da; ihauteriak dira denok elkartzen garen besta bakarrenetarikoa. Herriko gazte batzuk kanpoan ikasi edo lan egiten dute, baina kanpoan bizi diren gazte horiek ere herrian izaten dira ihauterietan». Eta gazteak soilik ez, «herritar guztiak biltzen gara eta aspaldi ikusten ez duzun jendearekin egon eta besta egiteko aukera izaten denez, giro polita sortzen da».
Mozorrorik ere ez da falta izaten: «denen artean gai bat adosten dugu eta bakoitzaren esku gelditzen da hori kontuan izanda mozorroa osatzea». Irudimenerako tartea irekitzen da horrela: «bakoitzak bere gustura egiten du eta egia erran denetarik egoten da. Politagoa iduritzen zait norberak berea egitea, espero ez dituzun ideiak sortzen direlako».