09:00etan gazteek kafea hartuko dute Karretero ostatuan eta etxez etxe ibiliko dira musikarekin. Berrikuntza gisara, igandean etxeen eskearekin hasiko dira gazteak, lehenago asteartez bisitatzen zituzten etxeak eginez: Landibar auzoa, Telleria, Iribere eta herri erdian dauden etxeetatik pasako dira. Haurrak ere etxez etxeko eskean aterako dira. 09:30ean egina dute hitzordua eta musikarien laguntzarekin Alkerdi, Larrainta, Dantxarinea eta herria eginen dituzte lehen egunean. 18:00etan haurrendako txokolate jana eta sorpresa prestatu dituzte Karretero ostatuan eta 21:30ean pintxoak eta musika izanen da denentzat.
Astelehenean, betiko ibilbidea mantenduko dute gazteek: Leorlas auzoa, Alkerdi eta Larrainta musikaz alaituko dituzte. Gaztetxoek ere astelehena betiko gisan mantenduko dute, Dantxarinea, Landibar, Telleria, Iribere eta Leorlasetik pasatuz. Batzuk zein bertzeak, 09:30ean elkartuko dira. Gauen, berriz ere, pintxoak eta musika izanen da denentzat Karretero ostatuan 21:30etik aurrera.
Asteartean, Dantxarineko bentak bisitatuko dituzte gazteek. Mozorrotzeko aurtengo gaia kolore gorria izanen da eta norberaren esku egonen da irudimena martxan jarri eta mozorroa osatzea. Ihauteak finitzeko, bazkari eder bat eginen dute Zubiondoa bentan. Bazkaria herritar guziei edekia egonen da eta apuntatzeko Montxo ostatuan izena eman beharko da.