Inauteriak 2024

Sarako ihauteriak prestatzeko jantziak eta maskarak egiteko tailerrak izanen dituzte datorren astean

Ttipi-Ttapa 2024ko urt. 31a, 18:00

Sarako ihauterietarako mozorroak eta maskarak egiteko materiala bilduko dute otsailaren 1etik 9ra.

Axuri’Arte elkarteak antolaturik, horretarako material bilketa eginen dute otsailaren 1etik 9ra eta sorginen salda prestatzeko barazki bilketa ere eginen dute otsailaren 6tik 10era

Otsailaren 10ean eta 11n ospatuko dituzte ihauteriak Saran, baina aitzinetik hainbat lan egiten ari dira edo eginen dituzte datozen egunetan: dantza tailerrak, jantziak eta maskarak egiteko tailerrak edo sorginen salda prestatzeko barazki bilketa.

Maskara eta mozorro tailerrak

Axuri'Arte elkarteak herriko etxearen laguntzarekin antolaturik, maskara eta mozorro tailerrak eginen dituzte otsailaren 3an, 7an eta 10ean Keinu gelan. Saratar guztiei irekia. Tailer hori egiteko, hainbat material berreskuratzeko bilketa eginen dute otsailaren 1etik 9ra. Oihalak, artilea, puntuzko generoak, animalien larruak, adarrak eta hezurrak, parpailak, oilategiko alanbrea eta mozorroak eta maskarak egiteko baliagarria izan daitekeen edozer gauza bilduko dute. Bilketa Axuri’Arte lokalaren aitzinean eginen dute. Material garbia plastikozko poltsa batean ezarri eta tailerraren ate ondoan den kutxa tapa gorridunaren barnean eman behar da.

Sorginen salda prestatzeko barazki bilketa otsailaren 6tik 10era

Sorginen salda, saratarren eltzekaria ihauterien kari eginen dute otsailaren 11n, igandearekin. Salda hori lortuko dute otsailaren 6tik 10era eginen duten barazki bilketa bati esker. Etxeko eta merkatuko barazki guztiak ongi etorriak dira. Bilketa Axuri’Arte lokalaren aitzinean eginen dute, barazkiak ate ondoan den kutxa tapa gorridunaren barnean emanez. Bi salda prestatuko dituzte (bata herrikoia, Xamango lukainkarekin edo bertzea beganoa) eta ihauteri egunean prezio librean emanen dute.

Elgarrekin prestatuz salda hobea izanen delakoan, otsailaren 10ean, larunbatean 14:00etan Axuri’Arte lokalean geldituko dira, barazkiak xuritzera eta moztera.

Dantza tailerrak

Inauterien aitzineko hiru astelehenetan dantza tailerrak egiten ari dira Jose Cazaubonen eskutik Lur Berrin. Urtarrilean bi egin dituzte eta azkenekoa heldu den astelehenean, otsailaren 5ean eginen dute, 19:00etatik 21:00etara. Lehen orduan Zazpi Jauziak, Polka, Lantzeko zortzikoa, Marmutx eta Chapelloise ikasiko dute eta, bigarren orduan, banako. Denei irekitako ikastaroak urririk dira. Izena emateko kultura@sare.fr helbide elektronikora idatzi edo 06 16 68 65 98 telefonora deitu (Jose Cazaubon, kultura teknikaria).

Ihauteriak otsailaren 11n

Otsailaren 11n, igandean, 11:00etatik goiti ihauteriak plazan: dantzak, auzia… Bazkaria ez da Lur berrin iraganen. Plazan salgai izanen dira: Taloak (Errugbiak), Salda (Axuri’Arte) eta bizkotxak (Sarako eskolak).

Ondotik, ihauteri erakusketa ikusgai ezarriko dute otsailaren 13tik 25era lezeetan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun