Eskualdeko sei bertsolari ariko dira Ipar Euskal Herriko Xilaba taldekako bertso txapelketan

Ttipi-Ttapa 2023ko ira. 6a, 16:00
Xilabako antolatzaileak eta parte hartzaileak atzo egindako aurkezpenean.

Atzo aurkeztu zuten Baionan Ipar Euskal Herriko taldekako Xilaba txapelketa. 38 bertsolarik hartuko dute parte txapelketan, eta tartean 6 bertsolari dira eskualdekoak.

Lizaieta taldean ariko dira Etxahun Azkarraga etxalartarra, eta Allande Alfaro, Karlos Aizpurua eta Haira Aizpurua saratarrak. Bertzetik, Ipiñitzeko bertsuak taldean ariko dira Hendaian sortu, baina, Lesakan bizi diren Josu Txoperena eta Maddi Ane Txoperena bertsolariak.

Lehen fasean, 3 multzotan banatuta ligaxka fasea jokatuko dute eta irailaren 22an hasi eta urrian 20an bukatuko da. Bigarren fasean finalerdiak jokatuko dituzte urriaren 28an Muskildin eta azaroaren 4an Azkainen. Finala, aldiz, azaroaren 18an izanen da Aiherran.

12 saio eginen dituzte denera txapelketan, eta horietan bakarra izanen da eskualdean. Sarako Pleka ostatuan ariko dira nor baino nor Sarako Lizaieta taldea eta Kakoiak taldea irailaren 29an. 19:30ean izanen da saioa eta jateko eta edateko aukera ere izanen da.

Liburuxka honetan dago txapelketari buruzko informazioa.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun