Nor dugu Eneko Lamothe?
Senpertar gazte aktiboa, engaiatua eta herriko bizia dinamizatzen saiatzen dena.
Zein dira zure zaletasunak?
Nire zaletasun handiena talde lanean aritzea da.
Noiz sartu zinen Gazte Komitean?
18 urtetan, sartzeko baimena ukan orduko. Nire inguruan beti ikusi ditut zaharragoak elkartean eta horrek pusatu ninduen sartzera. Beti gustatu zait ekitaldiak antolatzea eta aski naturalki egin nuen hautua.
Zertaz arduratzen zarete?
Komitearen ardura bakarra ekain bukaeran ospatzen diren herriko bestak antolatzea da.
Lan handia da?
Lan zama handia da, baina 40 kideen artean ongi banatua da, lehendakariei ardura arintzeko. Bost taldetan banatzen gara: Diruzain poloa, Animazio poloa, Komunikazio poloa, Elikatze poloa eta Logistika poloa. Abenduan hasi genituen lehen aurreikuspenak eta bakoitzaren lekua adostu genuen.
Herritar guziak kontuan hartzen dituzue egitaraua prestatzean?
Belaunaldi guziak hunkitzen saiatzen gara. Ostiralez eskolen arteko lasterketa antolatzen dugu, larunbatean Pilota elkarteko txapelketa haur eta gazteentzat eta igandez, kantaldia adin handiagoa dutenentzat. Besta denboran belaunaldi guziak batzea da helburua, gazteek zaharragoekin denbora ona pasa dezaten.
Bestazalea zara?
Bai, 25 urteko gazte guztiak bezala. Senpereko bestetan anitz gustatzen zait astelehena; ekitaldi pisutsuenak pasatuta lasaiago sentitzen gara, eta belaunaldiak nahastuta senpertar anitz biltzen dira ostatuetan kantu batzuk botatzeko. Giroa anitz gustatzen zait.
Zerk egiten ditu bestak berezi?
Guretako desberdinak dira gure sorterriko bestak ospatzen ditugulako. Urtean zehar ikusten ez ditugun ezagutzak berriz ikusteko eta trago baten inguruan berriak hartzeko aukera ematen dute.
Zer hobetu daiteke?
Domaia atzematen dut komiteak bestak bakarrik antolatzea. Senpereko gaztetxeak ez du gehiago lokalik, hatsa galtzen ari da eta ez du nehork segurtatzen ekitaldi kulturalen antolaketa urte osoan.
Zure asmoak epe motzera?
Bestak ongi iragaitea eta senpertarrek plazer hartzea.
Eta epe luzera?
Komitea beste dimentsio batean sartzea eta ekitaldiak antolatzea urte osoan.