Herriko esaera zaharra da ‘Saran astia’, «saratarrok gure herriarentzat erraten duguna. Izen polita iruditu zitzaigun jokoarendako; gaur egungo abiadura haundiko gizartean denbora hartu behar dugu gure bazterrak ezagutzeko».
Olhain ikastolako gurasoek abiatu zuten ekimena duela hilabete pasa: «bertze herri batzuetan horrelakoak egiten direla ikusi genuen, eta Sara manera ludikoan ezagutzeko aukera aski polita da». Bi ordu eta erdiko ibilaldia da eta euskaraz egin dituzte jokoak, baina gaztelaniara, frantsesera eta ingelesera ere itzuli dituzte. «Gure asmoa bertako jendearentzako izatea zen, baina turistek gure herria ezagutzeko modua ere bada».
Familian zein lagunartean parte hartzen ahal da; «jokoa salgai dago Herriko Etxean 10 euroren truke. Mapa eta liburuxka ekartzen ditu, eta bukatzen dutenentzako opari ttiki bat badago». Iparraldean «ez da beti erraza euskarazko jokoak eta animazioak atzematea, eta guretzat zinez garrantzitsua zen euskarari bere lekua ematea».