Geroztik, «trena ez da batere aldatu, egurrezko estruktura bera da eta horrela mantentzea nahi dugu. Egia da jende aunitz ibiltzen zenez hiru tren gehitu zituztela, baina denak berdinak dira eta ez dira aldatu».
Duela bi urte «lan haundiak hasi zituzten, trenbide guziko errailak eta kremailerak aldatzeko. Negu honetan usaian baino lehenago itxi genuen lanak bukatu ahal izateko; trenbide guztia desmuntatu dute gainetik behera, eta dena berriz muntatu behetik gainera». Lanak bukatuta, ekainaren 3an irekiko dute trena, «beraz, azken prestaketekin gaude buru-belarri».
Denboraldiak azaroaren 5era arte iraunen du, «eta heldu den urtean denboraldi normala berrartuko dugu, martxoaren bukaeratik azaroaren hastapenera. Gainera, mendeurrena ospatzeko programazio berezia izanen da». Urtean 350.000 pertsona inguru ibiltzen dira, eta ez da guttiagorako; «xarma haundiko trena baita, autentikoa. Bidaia ordu erdiz egiten da eta paisaia ederraz gozatzen da, pottokak, ardiak… eguraldi onarekin biziki polita da».