Baina besta egin aitzinetik, antolatu behar dira. Urtero aldatzen dute Urdazubiko Gazteen Komitea eta aurten Jaurena sartu da, «aurten herrian bizi naiz eta nire adin inguruko jendea dagoenez, animatu naiz». Hala ere, «gazte guzien arteko bozketarekin hautatzen dugu nor sartuko den».
Bortz lagunek osatzen dute komisioa, «23-27 urte artekoak». Inauteriak eta herriko bestak antolatzeaz arduratzen dira, baina «gazte guzien ordezkariak» dira, eta «denen lana eta laguntza beharrezkoa da». Inauterien prestaketekin buru-belarri ari dira orain; «covid egoera normalizatu denez, lehenagoko hiru eguneko formatura itzuliko gara, hortaz, etxeetara deitu, musikariekin harremanetan jarri, gaueko dantzaldia antolatu… behar dugu». Hala ere, bestetako antolakuntzarekin konparatuta «lan haundia ez dela» aitortu du; «inauteriak besta egiteko eta ongi pasatzeko aprobertxatzen ditugu».
Azken urteetan mozorrotzeko gaia paratu izan dute, «prestatzerakoan ideiak errazago izateko, hala ere, guztiz librea da». Aurtengo gaia 'baserria' da.
«Urteko bestarik berezienak» dira inauteriak Jaurenarendako, «motzak baina intentsoak: hiru egunez gazte guziak elkartzen gara, etxez etxe ibili eta bertakoak agurtzen, giro ezin hobean». Jendearendako egun bereziena astelehena izaten dela dio, «baina nik egun guziak maite ditut». Gainera, «urtero izaten da norbait mozorro aski ona prestatu edo gaiari zukua ateratzen diona, eta dibertigarria izaten da bakoitzak zer prestatu duen ikustea».
Inauterietako giroa mantentzea herritarren esku dagoela dio, «duela urte aunitzetako formatua segitzen dugu, baina egia da jende kopurua beheiti doala». Hortaz, «herritar guziak animatu nahiko nituzke hurbiltzera, denon artean inauteri ederrak pasatzeko!»