Nafarroako klub arteko mendi lasterketa txapelketa ere erabakiko da igandean Urdazubin

Ttipi-Ttapa 2022ko urr. 6a, 16:00
Urdazubiko Kontrabandisten Lasterketak erabakiko du Nafarroako klub arteko txapelketa aurten.

Igandeko Mendi Maratoiaren aitzinetik, larunbat arratsean 9,5 kilometroko Gaueko Lanak lasterketa antolatu du Azkar Kirol Elkarteak

Urriaren 8 eta 9an urteroko Gaueko Lanak lasterketa eta maratoi erdia antolatu du Azkar Kirol Elkarteak Urdazubin asteburuan. Bederatzi kilometro eta erdi luze eta 600 metroko desnibela izanen dituen larunbateko Gaueko Lanak lasterketan izena emateak 15 euro balio du, igandeko maratoi erdian (21 kilometro luze eta 1.200 metroko desnibela) 25 euro eta bi probak eginen dituzten ausartek 35 euro ordaindu beharko dute. Aipatzekoa da igandeko maratoi erdian erabakiko dela Nafarroako klub arteko mendi lasterketa txapelketa ere.

Parte hartu nahi duenak www.njuko.net/ukl_2022/select_competition web orrian eman dezake izena ortziralera bitarte. Larunbateko lasterketa 19:30ean abiatuko da eta igandekoa 10:30ean.

Aurten, antolatzaileek berrikuntza bat prestatu dute: 21 kilometroko maratoi erdiak ibilbide berria izanen du Urdazubiko eta inguruetako txoko berri ikusgarriak ezagutzera emateko.

Gogoratu behar da azken bi edizioetako proba konbinatuan (gaueko lasterketa + mendi maratoia) Hodei Lujanbio goizuetarra nagusitu dela.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun